Baipasa
GURE HARIA
Izenak ez duenean izanarekin bat egiten
ALOÑA BERAZA PEÑA | EITb Media
Zer gertatzen da izenak ez duenean izanarekin bat egiten? Tractora izeneko artista kooperatiba ezagutu dugu, baita Okela izeneko sortzaile taldea ere. Gilda izeneko proiektu kulturala eta Wasabi izeneko liburu-denda ere hurbildu dira Baipasara.
-
Izenak eta izanak beti ez dute bat egiten
37:33 min
Inoiz traktore gainean ibili gabekoa da Ainara Elgoibar, baina Tractora kooperatibako kidea da. Ibilgailu mota horretatik nahiko urrun kokatzen den sortzaile talde bateko kide da. Proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkigu, eta aitortu du artisten lan baldintzak hobetzeko asmotan sortutako kooperatiba dela Tractora.
Okela izenarekin harategi bat izan zitekeen espazioa ezagutu dugu Irati Urrestarazu Okela lantegiaren sortzailearen eskutik. Aurretik espazio horretan harategi bat zegoela kontatu digu, eta oraindik ere usainean eta espazioaren antolaketan zein itxuran nabari dela. Izenak izaeraren parte garrantzitsua betetzen duela dio.
Ander Peretz Gilda proiketu kulturaleko kideak aitortu digu duela gutxi ekin diotela proiektuari, eta hasiera batean gilda pintxoarekin zerikusirik ez bazuten ere, izena jarri ondoren jabetu direla proiektuaren eta elikagaiaren arteko harremana nahiko estua dela.
Zurine Darceles Wasabi liburu-dendako arduradunak azaldu digu manga komikiak saltzen dituztela dendan, eta hasieratik zutela garbi Japoniako jakiren batekin lotura izan behar zuela dendaren izenak. Manga komiki liburuak saltzen dituzte dendan, eta gomendioak ere ematen dituzte.