Baipasa
GURE HARIA
Liburua non uzten duzu: esaldiaren amaieran ala orrialdearen bukaeran?
ALOÑA BERAZA PEÑA | EITb Media
Liburuekin mania asko izaten dira, baina baita ibilbideekin ere. Hasierak eta bukaerak zehaztea kosta egiten da askotan; non emango dugu buelta? Noiz erabakitzen duzu liburua non itxi? Noiz hasten da haurdunaldi prozesua? Erditzearekin batera amaitzen da? Artistek bukatzen al dituzte artelanak?
-
Liburua non uzten duzu, esaldiaren amaieran ala orrialdearen bukaerara iritsitakoan?
38:12 min
Prozesuen hasierak eta amaierak erabakitzea kosta egiten da askotan; non uzten duzue liburua, esaldiaren amaierara iristean ala hurrengo kapitulura arte irakurtzen jarraitzen duzue? Amaia Goikoetxea 111 Akademiaren Koordinatzaileak aitortu du garraio-publikoan irakurtzen duenean berak orrialdearen amaierara arte jarraitu behar izaten duela, baina etxean badago kapituluaren amaierara arte iritsi behar dela. Liburuekin era askotariko maniak dituela kontatu digu; liburuetan ohartxoak idazteko maniak, azken paragrafoa bi aldiz irakurtzearena, tapa gogorrak nahiago izatearena, liburuak gordetzeko orduan ordenatzearena...
Ibilbideetan ere askotan jakin behar izaten da noraino iritsi, eta non eman buelta. Donostiako Kontxa hondartzan, esaterako, horma ukitu arte ibiltzen dira joan-etorrian herritar asko. Urretxu eta Zumarraga arteko bidean, ordea, harrizko mahai biribil batek esleitzen du araua. Jon Balentxi ETBko kiroletako kazetariak kontatu digu maiz egiten duela bide hori, eta egunerokoan herritar askok darabiltela mahaia bidea non amaitzen den erabakitzeko.
Prozesuez hitz egiten jarrita, emakumeen osasunari loturiko hasiera eta amaierak izaten dira elkarrizketa askotan hizpide. Noiz hasten da emakumearen gorputza aldaketak pairatzen? Zein urterekin hasten da hilerokoa? Haurdunaldiaren amaiera erditzearekin batera iristen da? Ane Lopez de Arregui fisioterapeutak eta Ilgora zentroko arduradunak lagundu digu prozesu hauen guztien gainean dauden tabuak deseraikitzen.
Zer da errazagoa, hastea ala amaitzea? Manu Munduategiandikoetxea artistari egin diogu galdera hori. Ideia buruan egosten hasten denetik, artelana erakusketan bertan ikusi arteko prozesua nolakoa den azaldu digu, eta aitortu du erakusketaren data zehaztea ezinbestekoa dela bere artelanei amaiera emateko.