Itxi

Baipasa

Gure haria

Musika entzuteko modu zahar berriak

Lierni Ibargutxi | EITb Media

Egun musikari asko, euskarri digitalaz gain, biniloan argitaratzera itzuli dira eta batzuek baita kasetera ere. Moda bat da? Joera bat? Geratzeko itzuli dira disko eta kasete zaharrak.

  • Biniloak

    Biniloak

Telmo Trenor musikari eta ekoizleak, adibidez, kasetean argitaratu ditu bai Z8rtziko, baita Paperezko mila eguzki lana ere (azken hau Andoni Olaetxearekin batera). Bi lanek Haus of Beats diskoetxearen zigilua daramate. Biniloak baino merkeagoak eta produzitzeko azkarragoak dira kaseteak, kontatu digunez, eta nahiz eta kaseteak erosten dituzten musikazaleek askotan zinta horiek entzuteko erreproduktorerik ez izan, beraien gustuko musikarien oroigarri eta objektu kutun funtzioa ere betetzen dute zintek. Bestelako esangura dute biniloek.

Musika entzuteko esperientzia guztiz diferentea bihurtzen da biniloekin, Orbahn Diskak-eko Mikel Gaztañagak kontatu digunez. Sortu berria den diskoetxe honetako kide guztiak musika mundutik datoz eta musikari buruzko beraien filosofiak euren gustuko lanak argitaratzeko abentura honetara eraman ditu. Garai bateko musikaren harribitxiak berreskuratu eta biniloan kaleratu, azal zainduekin eta diseinu dotorearekin. Hasteko, Parafünk taldearen Epïlogo lan mitikoa berrargitaratu dute. Ez dakigu streaming-ak baino soinu kalitate hobea izango duten biniloek, baina argi dago joera bat baino gehiago bihurtu direla. Hori baieztatu digu Haritz Harreguy soinu teknikariak, bere estudiotik pasatzen diren talde askok eta askok euren lanak formatu horretan argitaratzen dituztelako.

Ainhoa Marzol sareetako joeren adituak -a.k.a. Gargola Digitala- musika euskarri zaharren itzulera belaunaldi gazteenen autentikotasun nahiarekin lotu du. Sakatu play eta entzun kontatu diguten guztia!