Ekosfera
Zipriztinak
Matxinsalto igerilariarena
Matxinsaltoek ez omen dakite igerian. Azalpenak, Arantxa txintxurretak, jakina.
-
Matxinsaltoa. Argazkia: Paolo Costa Baldi
3:40 min
Whatsappez, zera kontatu du Aitzolek: bere txakurraren gainean, matxinsalto bat aurkitu zuela, eta arriskuan zegoela pentsatuz, eskuarekin hartu eta belarretara bota zuela. Baina, belarretara erori beharrean, ur-potxingo batean erori omen zen, eta ikusi zuen matxinsaltoa bazihoala behera... Itotzear zegoela ikusita, berriz ere bizitza salbatu nahi izan zion, eta uretatik atera zuen. Baina... oso bustita omen zegoen eta...
Tira, whatsapp taldean aitortu zuenez, ez zekien matxinsaltoek igeri egiten ez zutenik!
Baina, zergatik jakingo dute ba igerian, matxinsaltoek?
Matxinsaltoen gorputza egokia da saltoak egiteko. Hanka-pare luzea eta indartsua dute. Lurraren kontra egin, eta hanketako muskuluak uzkurtuz eta luzatuz, gorputza airean jar dezakete. Uretan ezin dute saltorik egin, eta duten gorputza desegokia da uretan oinez ibiltzeko, eta baita buzeatzeko ere.
Igeri egitea, gainera, ekintza garestia da. Energia-kostu handia dakar, ura dentsoagoa delako airea baino. Ura mugi arazteko, oxigeno gehiago behar da airea mugitzeko baino, eta energia-gastu handiagoa du horrek. Hankak uraren gainean zabal-zabal jarri eta lasai egoteko gai ez bada, matxinsaltoa zein beste edozein intsektu lehortar berehala nekatu eta hondoratu egingo da.
Intsektuek trakea-sistema dute arnas hartzeko; guk birikak ditugu, eta arnasean hartutako oxigenoa odolera igarotzen dugu, odolak gorputz osoan zehar banatu dezan.
Intsektuek, berriz, zulotxoak dituzte gorputzean zehar; bina gorputzaren segmentu bakoitzeko, eta horien bidez CO2 kutsakorra kanpora ateratzen da eta oxigeno miragarria sartzen da matxinsaltoen gorputzera. Eta trakea-sistemaren bitartez, zuzenean doa organoetara eta ehunetara, ez odolera.
Intsektuen odolari hemolinfa deitzen zaio, eta ez du oxigenoa garraiatzen. Janaria eta hondakinak eramateko mundiala da, baina oxigenorik ez.
Hori jakinda, intsektuen odola gorria izango dela uste duzu? Egin proba.
Baina zuen txakurraren gainean matxinsaltoa aurkitzen duzuen hurrengoan, heldu leun bi behatz finekin, eta utzi goxo-goxo belar baten gainean; etzazue uretara bota, Jainkoaren izenean! ARREN?
Ondo izan.