Ekosfera
Zipriztinak
Udazkenera bidaia
Udazkenean murgildu gaitu Arantxa Txintxurretaren gogoetak.
-
Udazkena
5:27 min
Azaroan, udazkenean murgildu nintzen. A ze gauza, esango du baten batek, udazkenean urrian sartu ginen eta. Errezeloa dut, ordea, askok udazkena bide ertzean pilatutako orbelarekin lotzen dutela, eta ez beste ezerekin. Ni bene-benetan murgildu nintzen udazkenean, bere edertasunera bidaiatu nuen.
Zigan hasi genuen bidaia, Baztanen, baina zuhaiztiak eta larreak dituen Euskal Herriko edozein txokotan egon gintezkeen, eraikuntzetatik haratago, Lurrari udazkena bor-bor zeriola konturatzeko.
Basoak eta larreak kolorez beteta. Mendi buelta batean, Moneten margolan batean murgildu ginen, bizi-bizi zegoen koadro irregularrean.
15 metroko haritzak, gaztainondo zaharrak, lizar meheak. Baso baten ondotik hasi genuen ibilaldia, Zigako etxe zuri harri gorriak atzean utzita. Udazkena lotsati agertu zen, hasiera hartan. Zuhaitz batzuk berde-berde zeuden artean, udarari tinko; beste batzuk, berriz, udazkenari men egiten hasita, arre kolorea hartuta.
Tximistak jotako gaztainondo zoragarri bat ikusi genuen, tente, beltz, barrena beltz, gaiztoa izan gabe! Haritz amerikarrak gorri. Lizarrak marroi. Astigarrak hori-hori.
Basoa amaitu zelarik, zelai berdeak agertu ziren, uda betean baleude bezalaxe jantzita; apaingarri gutxiagorekin, hori bai. Pintzelada zuriak ardiak ziren, buru beltzak. Eta koadroetan margotu ezin den hotsa entzuten zen, behorrek lepotik zintzilik zituzten zintzarrienak.
Eta larre berdeen inguruan garo-sailak gorrituta zeharo. Garo-metak nonahi aurkitu genituen, Elosegi txapeletako txorten eta guzti. Tontorrean lokatz-mordoa zuten, haizeak eraman ez zitzan gizakiak izerdiz eraikitakoak.
Belardi eta garodien gainetik pagadi zabalak ikusi genituen urrutira, granate apalez eta printza horiz. Bertatik bertara, berriz, zulo beltz sakon bat, opari eta guzti: lokatzean utzitako aztarnak eta etxeko sarreraren erdi-erdian lagatako gorotza, opari. Azkonarra beraren zuri-beltzak falta izan genituen soilik.
Lizar zahar mugarratuek bide ertza apaintzen zuten, goroldio ilunez estalita. Lizar horiek ez zuten hostorik, baina mihurak hartuta zeudenez, ez zeuden biluzik.
Elorri zuriak eta sasiak, artean, hostoz beteta zeuden, baina ez zuten kontrasterik egiten bidexka zoroko lokatz ilunarekin.
Ilunak, baita ere, zozo beltzak, moko hori-horidunak. Eta bat batean, eskuinera zegoen adar batetik, mirua, hegoak zabaldu, eta hegan hasi zen, gure gozagarri. Hau hotsa, hegoek haizea astintzean egiten dutena!
Udazkenean, koloreek ez dute, agian, udan bezala dir-dir egiten, baina apaltasunean zein ederrak diren! Diztira-printza txikiak jartzen dituzte bide bazterreko Crocusaren lore moreek; belar arteko kamomila-lore zuri-horiek; lurrean etzanda zegoen goroldioaren berde biziak; eta Rosa caninaren fruitu gorriek. Txilarra, mutu; eta urkia, nabarmen, ezkontzarako jantziarekin.
Patchwork lan bat zirudien begien aurrean genuenak: basoen horitua, zelaien berdea, iratzeen gorria eta bailarako etxeen ultra-zuria. Orain, abenduan gaude, neguaren hasiera. Lanetik etxerako buelta ilunduta egin beharra baino zerbait gehiago bada. Atera, eta bidaiatu negura; edozein aitzakia ona da, inguruko bazterrak miatzeko, eta neguak ere liluratu egingo gaitu, seguru nago.
Gozatu.