Ekosfera
Hizkuntza ekologia
Latina hizkuntza hila da?
Benetan hilda dago latina? Ez da hori Iñaki Ortigosaren iritzia: beste hizkuntza batzuetan bizi da.
-
Argazkia: Tfioreze
4:31 min
Hizkuntza hilaren definizioari begiratu beharko genioke honi erantzuna emateko: “Hizkuntza hila inork ama hizkuntza gisa ez duena” omen da. Bestela esanda, transmisio bizia -honek dakarren etengabeko eboluzioa ere- ez duena.
Orduan...bai, hilik dago latina? Ikus dezagun zer den latina.
Hemen hasten da gure zalantza, zeren hizkuntza baten definizio osagai asko oso argiak dira orain dela 2800 urte Italiako Lazion lehenengo aldiz agertu zen hizkuntza honetarako: indoeuroparra, italikoa, Laziotik Italiara lehenago eta inperio oso batera erromatarrek eramana, Erroma estatuaren hizkuntza ofiziala...baina noiz arte mintzatua ? Hau da, noiz nork izan zuen latina ama hizkuntza gisa azken aldiz ? Ez dakigu, baina VIII eta X mende artean latinaren eremua ziren herrialdeetan dokumentuek erakusten dute bertako hiztunek latina ez beste mintzaira batez egiten zutela pentsatzen hasi zirela; bestela esanda, antzinako latin idatzia ez zuten ulertzen eskoletatik pasatu gabe. Latina hila omen zen.
HILAREN ONDORENGOAK
Kontua diglosia arazo bat zen, baina: Latina deitzen zioten hori K.a. I eta K.o. I mendeetan finkaturiko standard bat zen, “klasiko” bihurtua zena, hezkuntza sistemaren ardatz kanonikoa eta bederatzi mende geroago, aldaketak gorabehera, berdin mantentzen zena idazteko tresna bakar gisa eta erlijioaren hizkuntza sakratu gisa. Hau ez zaio latinari soilik gertatu, noski, eta paralelismoak aurkitu ditzakegu grezierarekin, sanskritoarekin edo hebraierarekin. Standard kultu aldaezina alde batetik eta herri hizkera biziki aldakorra bestetik. Bitxiena hau da: latin mintzatua ahoz aho eboluzionatu zenean, hiztunek “erromatar” deitzen zioten beren mintzairari (“roman”, “romance”, “rumansh”...) eta idatzi behar zutena edo irakurtzen zitzaiena, urrun izoztua geratu zen horri, aldiz, “latina”.
Horrela begiratuta, noski, latina hilda dago. Baina aipaturiko kasu paralelo horietako batzutan ez bezala, latinak aurrera egin zuen bere bide kultu horretatik, eskolaz eskola, elizaz eliza, unibertsitatez unibertsitate, baita estatuz estatu ere (Poloniak hizkuntza ofizial izan zuen Latina, esaterako, IX eta XVIII mendeen artean); eta horrela heldu zen XX mendera, milaka ikasle, irakasle, zientzilari eta idazlek beren ama hizkuntza ez izan arren, erabiltzen zuten bitartean, eta, garrantzizkoagoa dena, ama hizkuntza bizi guztiek haren gramatika, erretorika eta literatura imitatzen zuten bitartean, Erromako hizkuntza hil horretatik milaka hitz hartuz, kalkatuz edo, bitxiagoa dena, haren “gorpu” hiletik zatiak ateraz ideia berrietarako hitz berriak sortzeko.
Horregatik ingelesa bezalako hizkuntza germaniar batek izan ahal du bere lexikoan % 60tik gora latinetik eratorria. Eta hizkuntza erromanikoak? Bistan da, latinetik eratorriak dira eurak osorik. Eta hemen dago latinaren heriotzari egin ahal diogun bigarren koska: hizkuntza gehienak haien hiztunen galtzearekin bat hiltzen dira edo haien hiztunek beste hizkuntza bat erabiltzeari ekiten diotelako; baina latinaren hiztunek latinaz mintzatzen zirela galdu omen zuten latina. Paradoxa hau nolabait esplikatu dugu lehenago, diglosia dela eta, baina lehen ere aipatu dugun grezieraren kasuan, fenomeno bera gertatu arren, inork ez du uste greziera hila denik, gaur egun greziera modernoa eta antzinatekoa ezberdinak direla baizik. Bestela esanda: latinatik sortu izan ez balira gaur dauden hainbeste aldaera (hizkuntza erromanikoak, hau da, galegoa, portugesa, espainola, katalana, frantsesa, italiera, errumaniera...) latin modernoaz eta antzinakoaz hitz egingo genuke, seguruenik. Zesarren garaiko Katulo poetak idatzitako “Da mihi basia mille” ez zuen gaurko italiar batek ulertuko? “Da mi baci mille” esango luke. Eta ez zuen Zesarrek berak ulertuko gaurko “Iban cantando tres imbéciles”? “Ibant cantando tres imbeciles” esango zukeen hark.
Anjel Lertxundik Berriango bere zutaben aspaldi gogoratu zuen nola “An education” filmean protagonistak entzuten duena, latinean bikain nota atera eta gero: «zertarako saiatu latina ikasten, hemendik berrogeita hamar urtera ez da-eta latinorik geldituko?». Latinoak, bai, ingelesdun amerikarrek zabaldu duten izendapena norentzat eta beren hegoaldeko auzokoentzat. Zergatik? “Latin americans” direlako, hau da, portuges eta espainolaz mintzatzen direlako, latindunak direlako, alegia.
Hona hemen beraz, lehenengo arrazoia latina hilda dagoelako hura auzitan jartzeko: erromantzedun guztiok latindunak gara, latin modernoaz mintzatzen
gara.
Bi arrazoi gehiago eman dezakegu: latin idatziaren pisua eta latin “klasiko” mintzatua gaur.
LATIN IDATZIA
Latinaren eremu nagusia eta iraunkorrena idatzia dela edozeinek onartuko du. Egia da latin klasikoaren hotsak galdu ondoren haren letrek bizirik iraun zutela eta mendeak eta mendeak eman zituztela belaunaldi askok latinez idazten:
Literaturari dagokionez, Erdi Aroko lehengo literatura –eta besteen eredua zena- latinezkoa zen, eta Karlomagnok IX mendean martxan jarritako hezkuntza eta kultura pizkundeari esker, XII mendean, hizkuntza berrietan lehenengo literatur lanak sortzen hasi zirenean, idazle askok latin ezin hobean maisulanak egiten zituzten eta unibertsitate sortu berrietan latinezko idazleak hezten ziren etengabe. Horregatik Berpizkunde nagusia iristean -hau da, Errenazimentua- autore eta pentsalari nagusiak latinez idatziko zuten, nazio berrietako hizkuntzekin lehian; areago, horregatik iritsi zen Berpizkundea, latina idatziaren katea etena ez zelako. Ez da harritzekoa, beraz, Petrarca bezalako idazle batek bere obren artean latinezkoa estimatzea gehien.
Aro Modernora ekarri dugunez gure ildoa, zientzia modernoa ere latinez eman zituen lehen urratsak eta Copernico edo Newton bezalakoek ez zuten zalantzarik izan beren teorietarako hizkuntza aukeratzean. Galileo izan zen lehena bere ama hizkuntzaz baliatzen zientziarako. Baina latinak gorde zuen bere boterea XVIII eta XIX mendeetan ere, eta horregatik, kasurako, botanikak eta zoologiak latinezko hitzez bataiatzen ditu espezieak, Lineok hizkuntza horrez idatzi zituelako bere lan iraultzailea.
Gaur egun inork idazten al du latinez? Inor ez da harrituko esaten badugu filologo batzuk behintzat egiten dugula noizean behin, batez ere testu klasikoen edizio kritikoak hitzaurrez hornitzean -ohitura hau ere gainbehera doan arren-, edo etengabe argitaratzen direla sona handiko liburuen latinezko bertsioak – “Robinson Crusoe”-tik Harry Potter-en eleberrietaraino-; baina 2016. urtean hizkuntza idatzi baten osasuna neurtzeko erakusgarri aipatuena aipatuko dugu guk ere: Wikipedia.
Latinaren Vicipaedia Wikipedia guztien artean 49. postuan dago 125.643 artikukuekin (gogoan izan behar dugu euskal wikipedia 31. postuan dagoela 257.431ekin). Ez da oso osasun makala hildako hizkuntza batentzat!
LATIN MINTZATUA GAUR
Mundu akademikoan -bereziki ingelesdunen zenbait unibertsitatetan- egiten diren hitzaldiak eta Eliza Katolikoaren zenbait erritual kenduta, ez du ematen gaur egun antzinako latina entzun daitekeenik.
“Latina bizirik” , hau da, “Latinitas Viva” izeneko mugimendu bat dago, hala ere, uste baino abar gehiago dituena.
Neurri handi batean mugimendu honen jokaleku nagusia ikasgelak dira, latina beste edozein hizkuntzen moduan irakasteko asmoa latinez mintzatzea nahitaezkoa da eta. Gure inguruan honek oso anekdotiko dirudien arren, badira Europako eta Ameriketako hainbat unibertsitate eta akademia (Erromako Accademia Vivarium Novum, kasu baterako) irakaskuntza sistema hau lantzen dutenak, latinista handiak daude tartean (Michael von Albrecht, Kurt Smolak...) eta nazioarteko biltzarrak izan dira 4 edo 5 urtetan behin azken bost hamarkadetan.
Baina joera honek beste emaitza asko eman du komunikabideetan, interneten bere atari eta gune bereziekin, albistegiak barne (haien artean Ephemeris izenekoak 12 urte daramana iharduera honetan) edo irratietan, aldiroko saioekin ere (Radio Bremenen edota YLE irratiaren Nuntii Latini, kasu baterako).
Ezin dugu ukatu guzti honen alde jostagarria, “freak” kutsuko bitxikeria izanik ere. Honetan murgilduta daudenak horren jakitun dira, noski, eta latin ”berpiztu” honen ekoizpen asko ludikoak dira berez, “Hebdomada Aenigmatum” gurutzegrama eta denborapasa aldizkari italiarra bezala, edo erdi ludikoak, Newcastle ondoko Wallsend metroaren latinezko kartelak bezala, “noli fumare” eskatzen dizutenak.
Ez dira falta, hala ere, latina mundo osoko lingua franca , hau da, tarteko hizkuntza bihurtu nahi dutenak. Esperantoarekin eta Interlinguarekin lehian ibili beharko dute hala nahi dutenek, baina beren alde daukate latinaren iragana, maila kultuan ibilbide historiko luzeena, gramatika landuena eta arlo guztien esperientzia izanda, edozein hizkuntza artifizial baino gaiago eta indartsuagoa egiten duena antzinako erromatarren mintzaera.
Eta bestalde, ez zuten hebraiera 2000 urteren ondoren berpiztu eta israeldarren ahotan bizi bizi da orain?