Itxi

Ekosfera

Ekologia zipriztinak

Panda

Arantxa Txintxurretak panda hartzari buruzko zipriztina ekarri digu.

  • Panda. Argazkia: J. Patrick Fischer

    Panda. Argazkia: J. Patrick Fischer

    4:20 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Panda handia hizpide hartuta etorri zaigu Arantxa Txintxurreta, 'Ekosfera' saioko ''Ekologia zipriztinak'' atalean:

Zoo batean ikusi ez duenak, argazkietan ikusi du Panda handia, edo dokumentaletan; edo, nik bezalaxe, Tolosako inauterietan, pasa den hilean, kuadrila handian, gainera!

Belarriak, besoak eta hankak beltz-beltzak, gainerako guztia zuria, begi zuloak izan ezik, ikatzaren kolorekoak horiek ere.

Bada, lehen aldiz, mundurako, euskaldun batek aurkitu eta deskribatu zuen panda handia. Ezpeletakoa zen Armand Davidek; hain zuzen, Txinatik egin zuen ibilbide gogoangarri batean.

Duela ia 150 urte gertatu zen, 1869ko martxoan. Lehenik, larru zuri-beltza etxe bateko atarian ikusi zuen, horman zintzilik, eta handik gutxira, ehiztari batzuek ekarri zioten bertatik bertara ikusi zuen lehen panda.

Bidaia hartan aita Davidek bizitakoak eta kontu gehiago Kepa Altonaga zoologoak bildu zituen liburu batean, “Armand David, pandaren aita” deiturikoan.

Altonagak berak liburuan esaten duen gisan, “batzuen ustez panda handiaren kolorazio-ereduak kamuflatu egiten du animalia”, eta, beste aditu batzuen ustez, “pinto izatea mezu argia da gainerako pandentzat, urrun gera daitezela adieraziz”.

Orain, Science aldizkarian artikulu bat argitaratu dute panda handiaren orban zuri-beltzen gainean.

Honako esperimentua egin dute: pandaren ilea konparatu dute beste 195 ugaztun karniboro pintorekin. Gurutzatu dituzte koloreen datuak ingurumenekoekin eta portaera-datuekin.

Kolore argiek ba omen dute zerikusirik elurrarekin. Hori ikusi dute. Uste dute, beraz, pandaren orban zuriek abantaila txiki bat ematen diotela pandari, elur ingurunean ezkutatzeko. Orban beltzek, ordea, basoan ezkutatzeko egokiagoak izan litezke.

Hortaz, pandak bi habitat horietan mugitu izan direnez, ileak eboluzioan zehar hartu ditu bi koloreak, bi habitat horietan abantaila ematen ziotelakoan.

Bestalde, belarriak beltzak izatean “kontuz, arriskutsua naiz” esaten ari omen dira. Eta begietako orbanei dagokionez, lagungarri omen zaizkie elkar ezagutzeko, panda batetik bestera, desberdinak direlarik.

Aita Daviden garaian ez zen panda handirik ezagutzen, mendebaldean, eta haien koloreek sortu zuten harridurak, gaur egun arte iraun du, bistan denez.