Itxi

Ekosfera

Ekologia Zipriztinak

Sua

San Joan egunaren bueltan, sua hartu du hizpide Arantza Txintxurretak.

  • Argazkia: Alberto Andreu

    Argazkia: Alberto Andreu

    3:20 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Erlazio berezia dago bizidunen eta suaren artean. Bizitzak sua eta sutea dakartza eta su biziak heriotza ekar dezake.

Oraingoz ez da beste planetetan horrelakorik ezagutzen: SUA gure planetaren ezaugarria da. Izan ere, suak behar duen oxigenoa bizidunok sortzen dugu eta suak behar duen erregaia ere bai. Gaur egun, gainera, aintzina ez bezala, gizakiak sortzen ditu planeta xelebre honetan gertatzen diren sute gehienak.

Landareetan fotosintesiak batu duena, suak bereizi egiten du. Oxigenoa erabiliz, C02a askatzen da, erretzearen ondorioz. Airera doa CO2 hori, gure arnasari lotuko zaio.

Eta arnasari eutsita, arnas-estuan edo lasai-lasai arnas hartzen, garra pizten artistak gara. Eta suaren indarrak mendiak erretzen ditu. Ez, gure inguruko bizidunak ez daude horretara moldatuta, eta zuhaitzak erre egingo dira; animaliek ihes egingo dute, edo keak ito egingo ditu; airea kutsatu egingo da; landareek biomasa galduko dute, eta haien konposatuak lurrean, airean edo uretan galdu egingo dira; lurra degradatu egingo da, urari eusteko gaitasuna galdu egingo du, eta erosioak pikutara bidaliko du, itsasoaren hondoraino. Eta lurra galtzea 500eko billeteak komunetik behera botatzea baino larriagoa da. Izan ere, 500ekoak erraz berreskura daitezke. Barre egin duzu, entzule, badakit, 500 euro irabaztea erraza balitz bezala! Kontu egin, beraz, itsasora galdutako lur-gramo bakar bat berreskuratzeko zer behar den.

Bitartean, suteak eraldatutako paisaiak 3 urte beharko ditu, gutxi-gora behera, lehengora etortzeko.

Gizakiok dugu suaren monopolioa. Gizakiak nahita has dezake sute bat. Edo bi. Edo hamaika. Eta gizakiak geldi dezake, neurri batean. Neurri batean, behin hasita, geldiezina baita. Suari bizitza gustatzen zaio, gizakiari sua adina.

San Joanetan suaz gozatu, baina mendian ez surik piztu, arren, ez du mesederik egiten, ez da konponbidea.

Uda on ona pasa, entzule.

BIBLIOGRAFIA

Pyne, S (2010) The ecology of fire. Nature Education Knowledge 3(10):30

Restauración de las áreas incenciadas, Junta de Andalucía. www.juntadeandalucia.es

Conservationgateway.org