Itxi

Albisteak

Ostegunean

Arkaitz Rodriguez (Bateragune) eta itsuen zailtasunak, 'Faktoria'n

G.U.

Maite Artolak Bateragune auziko preso ohia elkarrizketatuko du, eta Ibon Sarasolak bere ekarpena egingo du. Manu Etxezortuk, berriz, egunerokoan dituzten zailtasunez hitz egingo du bi itsurekin.

Osteguneko 'Faktoria' saioan, Arkaitz Rodriguez elkarrizketatuko du Maite Artolak, espetxetik atera berri den Bateragune auziko kondenatuetako bat. Gainera, Manu Etxezortuk bi pertsona itsurekin hitz egingo du, eguneroko bizitzan dituzten zailtasunez.

08:00etan hasiko da 'Faktoria' saioa Maite Artolaren gidaritzapean. 08:30ean Bingen Zupiria, Martxelo Otamendi eta Nerea Azurmendi solasean arituko dira, eta, ondoren, 09:30ean, Ibon Sarasola euskaltzainaren tartea zabalduko du Artolak. Aste honetan, ahozkotasuna eta EGA izango ditu hizpide. Ondoren, Arkaitz Rodriguezekin hitz egingo du. Bateragune auziagatik jasotako zigor osoa bete ostean, kartzelatik irten berria da Rodriguez.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Idoia Torregarairekin barre egin ondoren, egunez aldatutako hainbat herritako festak izango ditu hizpide; Laudio, Etxarri eta Durangokoak, besteak beste. 10:30ean, Palomaresko istripu nuklearraz hitz egingo du Juanjo San Miguelek.

11:00etan, berriz, bi itsurekin jardungo da solasean Etxezortu. Eguneroko bizitzan dituzten zailtasunak, udalek hartu beharko lituzketen neurriak eta abar aztertuko ditu Joxean Txintxurretarekin eta Paxkal Andiazabalekin. Gainera, 12:00etako tartean, Physis Versus Nomos musika taldeko Beñat Antxustegiren bisita jasoko du 'Faktoria'k.