Albisteak
Faktoria
Baztarrika: "Euskaldun petoa izateko ez dago EGAduna izan beharrik”
G.U.
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak 'Faktoria'n esan du ikas prozesua eta zertifikazioa ahalik eta gehien lotu behar direla, eta berrikusi behar direla lanpostu publikoetarako hizkuntza eskakizunak.
Patxi Baztarrikak uste du EGAri buruzko eztabaida honetan gauza gehiegi nahasten dela. EGArekiko pertzepzioa, garai batean justifikatuta zegoena, gaur egun okerra da Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordearen aburuz. Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan egin dioten elkarrizketan aipatu du euskara egiaztatzeko 38 titulu daudela guztira, eta horien artean "izarra" EGA dela. Halako garrantzia emateak badirudi foku guztia EGAn jartzera garamatzala; alabaina, euskararen eskakizunei dagokienez, 6 maila daude, eta EGA (edo C1 baliokidea) horietako bat besterik ez dela aipatu du. Horregatik, ondorengoa azpimarratu nahi izan du: "Badirudi euskaldun peto-petoa izateko EGAduna izan behar dela, baina ez da hala". Aitzitik, haren hitzetan, EGA euskara gaitasun oso aurreratu eta goi mailakoa da.
Beraz, suspentso kopuru handiaren gaiari helduta, kezkagarria dela esan du, baina hori ere bere testuinguruan jarri behar dela. EGAn dauden emaitzak baino kaskarragoak badaude euskara egiaztatzeko beste sistema batzuetan. Gainera, aipatu du ez dela egia joera negatiboa denik. 2010 eta 2012 bitartean beherakada izan zen, baina 2014an, esaterako, 2009an baino emaitza hobeak izan dira. "Denok nahi dugu emaitzak hobetzea, baina debatea lasaitu behar dugu, gauza bakoitza bere lekuan kokatuta".
Baztarrikak esan du gauzak hobetu eta pausoak eman behar direla. "Gure egiaztapen sistema egokitu genuen Europako mailara; orain, daukagun egiaztapen sistema bateratu behar dugu (azterketa ereduak, gutxienekoak, egiaztatze ereduak, zuzenketak?)". Ikas prozesua eta zertifikazioa ahalik eta gehien lotu behar direla nabarmendu du sailburuordeak.
Bestalde, Baztarrikaren ustez, lanpostu publikoetako hizkuntza eskakizunei dagokienez, berrikusi egin beharra dago zer eskatu behar den. "Lanpostu batzuetarako dagokiona baino euskara maila handiagoa eskatzen" dela deritzo, eta ez dugula "dogmatikoak" izan behar. esaterako, ondorengoa planteatu du: lanpostu publiko baterako azterketa euskara txukun egiten duen bati, zergatik ez diogu egiaztatutzat emango hizkuntza maila?. Hori bai, azpimarratu du lanpostu guztietarako ez dela maila bera eskatu behar. "Errealitatearen arabera egokitu behar dugu, dramatismorik gabe".
Aipatutako guztiaz gain, sailburuordeak adierazi du "euskarak eta euskararen sustapenak gure arteko bizikidetzari egiten diola ekarpena. Horrexegatik bakarrik, ez dago beste arrazoi batzuen beharrik hizkuntzaren garrantzia justifikatzeko". Dena dela, azpimarratu duenez, "guk geuk, euskaldunok, ez diogu euskarari beste hizkuntzei ematen diegun balio ekonomikoa ematen; identitate balioa bakarrik ematen diogu?. Hori dela eta, jakinarazi du EAEko BPG 60.000 milioikoa izanik, euskarari lotutako sektore ekonomikoak 2.800 milioiko pisua duela, zenbateko aberastasuna sortzen duen kontuan izanda; hots, BPGaren % 4,2koa dela. Beraz, "ekonomikoki ere bada zerbait". Baztarrikaren iritziz, "euskara ez da luxuzko produktua, bada produktu ekonomikoa ere".