Albisteak
Ostiralean
Sahara eta amiantoa, 'Faktoria'ko gai nagusiak
G.U.
Martxa Berdeen 40. urteurrena ardatz hartuta, mahai ingurua egingo dute Saharaz, Oihane Yustosek gidatuta. Etxezortuk gurasoak amiantoak hilda dituzten Garbiñe eta Josu Zeziagarekin hitz egingo du.
Sahara eta amiantoa izango dira ostiraleko 'Faktoria' irratsaioko gai nagusiak. Martxa berdeen 40. urteurrena hartuko dute ardatz saioaren lehen zatian Saharari buruzko mahai-ingurua egiteko. Bestalde, Manu Etxezortuk Garbiñe eta Josu Zeziaga elkarrizketatuko ditu. Amiantoak hil zizkien gurasoak, eta euren aldeko epai aintzindaria eman berri du Bergarako epaitegiak.
8:00etan hasiko da saioa Oihane Yustos gidaritzapean. 8:30ean, Garbiñe Ubeda eta Enrike Zuazua pentsalariak izango dira. Ondoren, Aitor Idigoras, Stee-Eilas sinikatuko ordezkaria elkarrizketatuko du, irakasleen soldata emaitza akademikoen arabera ezartzeari buruz.
9:00etan, mahai-ingurua izango da. Martxa Berdeak 40 urte bete ditu, eta urteurren horri helduta, Sahara izango dute hizpide. Mikel Saez EiTBko kazetariak Tindufetik hitz egingo du, eta, aldiz, Euskal Herritik hizketan arituko dira Juanjo San Miguel Euskadi Irratiko nazioarteko gaietako arduraduna, Juan Soroeta nazioarteko zuzenbidean aditua, Gurutze Irizar 'Fatimetu', eta Izaskun Goienetxe brigadista. 9:30ean, berriz, alkateen solasaldia izango da, ostiralero legez.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Jurdan Arretxe eta Unai Brea kazetariek asteko iritzi artikuluei eta titularrei errepasoa egingo diote, lehen-lehenik. 11:00etan, Garbiñe eta Josu Zeziaga anai-arrebak elkarrizketatuko ditu Etxezortuk. Gurasoak amiantoaren eraginez hil zitzaizkien, eta euren aldeko epai aitzindaria eman berri du Bergarako epaitegiak: lehen aldiz onartu dute amiantoarekin zuzenean lan egin ez duen persona bat material horren eraginez zendu zela. izan ere, Zeziagatarren amak senarraren laneko erropa garbitzen zuen, eta horrela kutsatu zen.
11:30ean, Tania Arriagaren asteroko bisitaren ostean, Unai Barrenetxearekin hitz egingo dute, bullyingari buruz Gasteizen egiten ari den kongresuaz. 12:30ean, gainera Oier Madariaga izango da 'Faktoria'n. Bartzelonan egiten diren musikaletan lan egiten du bermeotar horrek.