Itxi

Albisteak

Otsailak 9

Laura Garrido eta Korrika kulturalaren hasiera, ostegunean,'Faktoria'n

Mertxe Mujika AEKren koordinatzailea eta Urtsa Errasti Korrikaren sortzailea izango ditugu. Bestalde, Alavesen kopako partidaren emaitzaren biharamunaren berri jasoko dugu.

Laura Garrido ostegun honetako 'Faktoria' saioan sartuko da, Gasteiztik, Legebiltzarretik. Gasteizi begira emango dugu goizaren zatirik handiena, izan ere, Arabako hiriburuan hasiko den Korrika kulturalaren hasierari merezitako tartea eskainiko diogu, baita larunbatean Irunen, Ficoban, sortzaileei egingo dieten omenaldiari ere. Mertxe Mujika AEKren koordinatzailea eta Urtsa Errasti Korrikaren sortzailea izango ditugu gurean. Bestalde, Alavesen kopako partidaren emaitzaren biharamunaren berri jasoko dugu.

07:00etan hasiko da saioa, eguneko albiste nagusien errepasoa eginez. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du albistegiaren gidaritza. Hasteko, Gorka Ortiz de Urbinarekin ('Zeledon'ekin) hitz egingo dugu Alavesen emaitzaz, eta kaleko giroa ere jasoko dugu. 08:30ean, Joseba Arruti, Nerea Azurmendi eta Martxelo Otamendi kazetariak arituko dira aktualitateko gaiei buruz solasean. 09:00etako albiste errepasoa egin ostean, Laura Garrido PPko legebiltzarkidearekin hitz egingo dugu. 09:30ean, Mertxe Mujika AEKko koordinatzaile nagusia eta Urtsa Errasti Korrikako sortzailea izango ditugu, ostegunean bertan hasiko den Korrika kulturalaz eta larunbatean sortzaileei Irunen egingo dieten omenaldiaz hitz egiteko. 9:40 aldera, Ibon Sarasolaren hizkuntza gomendioak entzungo ditugu. Aste honetan 'protekzionismo' hitzaz arituko da.

10:00etatik 13:00etara, berriz, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, eta magazinak egingo du bidea. Hasteko, Alavesen kopako partidaren emaitzari begira izango gara. Ondoren, Koro Alonsoren istorioa ezagutuko dugu. 'Soinu mosaikoa' proiektuko pianista da, eta ezgaitasun bat du. Kirol aurrerapenaren ostean, Markos Zapiainen filosofia eskola jasoko dugu.

11:00etan, Mikel Chamizok 'Carmen' opera izango du hizpide. Esther Moyuaren liburu gomendioa ere jasoko dugu, eta, ordua amaitu aurretik, 'Itsasora jaurtitzen ditugun plastikoek hegaztiengan duten eragina' hitzaldiaz ariko zaigu Maite Louzao Aztiko ikertzailea.

12:00etan, Bonberenea txarangaren disko berria ezagutuko dugu. Galdera bati erantzuten ahaleginduko gara gero, Juan Ramon Alberdi antropologoarekin: Etorkinak noiz arte dira etorkin?

07:00etatik 13:00etara izango dugu martxan 'Faktoria'.

oria'.