Itxi

Albisteak

Otsailak 10

Arnaldo Otegi, ostiralean, 'Faktoria'n

Sortuko idazkari nagusia elkarrizketatuko du Maite Artolak. Gainera, Podemosek Vista Alegren egingo duen batzarraren atarian, alderdiko 3 zerrendetan aurkeztu diren euskal ordezkariak izango ditugu.

Arnaldo Otegi izango da ostiral honetan 'Faktoria' saioko elkarrizketatu nagusia. Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduko bozeramaileak Maite Artolarekin hitz egingo du 09:00ak aldera. Gainera, Podemosek asteburu honetan Vista Alegren egingo duen batzarraren atarian, alderdi barruko hiru zerrendetan aurkeztu diren ordezkari euskaldunak izango ditugu solasaldian.

Saioa 07:00etan hasiko da, eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du 'Albiste Faktoria'ren gidaritza. Hasteko, Mikel Rotaetxe lankidea sartuko zaigu, Maltatik. 08:30ean, solasean arituko dira Felipe Juaristi eta Maite Ubiria. Gainera, Podemosen Vista Alegreko batzarraren atariko, alderdiaren 3 zerrendetan joango diren 3 euskal ordezkarirekin hitz egingo dugu: David Soto (Pablo Iglesiasen zerrendan joango da), Iñigo Cabieces (Iñigo Errejonen zerrendan) eta Neskutz Rodriguez (antikapitalisten zerrendan). 09:00etako albiste errepasoaren ostean, Arnaldo Otegirekin hitz egingo dugu. 09:30ean, alkateen solasaldian izango ditugu Igotz Lopez (Zamudioko alkatea), Julen Mendoza (Errenteriako alkatea) eta Mikel Serrano (Zumarragako alkatea).

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Hasteko, Mikel Gartziak eta Jurdan Arretxek asteko titularrak aztertuko dituzte. Kirol aurrerapena egin ondoren, Urdaibai Bird Center zentroarekin bat egingo dugu, Edorta Unamunorekin hitz egiteko.

11:00etan, 'Auritz, laino eder hori' proiektua ezagutuko dugu. Mikel eta Gorka Bizar anaia musikarien egitasmoa da, eta autismoarekin lotura dauka. Zertan datzan kontatuko digute. 11:30ean, Garbiñe Agiriano psikologoaren tartea zabalduko dugu, eta, jarraian, Zumaiako ekimen bat ezagutuko dugu. Duela 80 urteko anguleratako txanel bat berreskuratzen ari dira DBHko ikasleak. Zer moduz doan esango digute.

12:00etan, Nagore Telleriak asteburuan 'Amarauna' saioan izango dituzten eduki nagusien aurrerapena egingo digu. Gainera, Ane Muñozen zinemarako proposamena entzungo dugu, eta zinema-aretoetan ikusi izango diren lanen berri ere izango dugu.

07:00etatik 13:00etara arituko da lanean 'Faktoria'.