Itxi

Albisteak

Asteartean

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria, 'Faktoria'n

G.U. | ERREDAKZIOA

Gainera, Labore Bilbo denda eredu berria ezagutuko dugu, eta Justo Arriolak A los pies del caballo liburuaz hitz egingo digu.

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria izango dugu astearte honetan 'Faktoria' saioan. Gainera, solasaldian genero indarkeria izango dugu hizpide, Labore Bilbo denda eredu berria ezagutuko dugu, Justo Arriolak A los pies del caballo liburuaz hitz egingo digu, eta Sukaldari Deman maitemintzeko moduko errezetak ekarriko dizkgute Igor Zalakainek eta Pili Manterolak.

07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza. Lehen-lehenik, Danel Agirre Dresdeneko bonbardaketaren urteurrenaz ariko zaigu. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Mikel Aramendi, Laura Mintegi eta Javier Diaz Noci. feminizidioaren kontra gose greban ari diren emakumeen berri izango dugu, eta Kongresuan Genero Indarkeriari buruzko azpi-batzordea zertan ari den ere jakingo dugu.  09:30ean, Iñigo Ansolarekin hitz egingo dugu, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariarekin. Gainera, Eli Larrinagaren sinadura ere jasoko dugu, uraz hitz egiteko.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Hasteko, Labore Bilbo denda eredu berria ezagutuko dugu. Jarraian, Getxon zaharrak umeei jolasak nola erakusten dizkieten jakingo dugu. Kirol aurrerapena entzun ondoren, 'Ekosfera' saioaren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek.

11:00etan, A los pies del caballo liburuaz hitz egingo digu Justo Arriola idazleak. Heroinak Euskal Herrian eragin zuen triskantza, zenbateraino izan zen nahita eragindakoa? Galdera horren inguruan egindako ikerketa bildu du liburuan, eta bere inguruan bizi izandako drama pertsonala ere bai. 11:30ean, Carlos Cid eta Xabier Amuriza direnez eta ez direnez arituko dira, eta robotak hartuko dituzte hizpide.

12:00etan, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterolarekin eta Igor Zalakainekin. Norbait maitemintzeko moduko errezetak ekarriko dizkigute. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.

07:00etatik 13:00etara ariko da lanean 'Faktoria'.