Albisteak
Martxoak 7
Behi esneaz eta pertika jauziaz, asteartean, 'Faktoria'n
G.U. | ERREDAKZIOA
Behi esnearen aldeko eta aurkako iritziak entzungo ditugu. Gainera, Naroa Agirre eta bi pertika jauzilari ere gazte etorriko dira.
-
Naroa Agirre
Behi esneaz eta, hockeyaz, eta pertika jauziaz jardungodugu astearte honetan, 'Faktoria' saioan. Behi esneaz eta haren kontsumoaz arituko gara. Behi esnearen kontrako elikadura ohitura zabaltzen ari dela-eta, ekoizleek eta nutrizionistek kanpaina abiatu dute joera horren kontra egiteko. Bateko eta besteko iritziak entzungo ditugu. Bestalde, Naroa Agirre pertika jauzilaria eta Malen Ruiz De Azua eta Miren De Regil gazteak ere izango ditugu.
07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza. Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaz eta haiek aurrera ateratzeko hasiko duten elkarrizketa erronda izango du hizpide albistegian. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Mikel Aramendi, Laura Mintegi eta Joseba Arruti. 09:30ean, behi esnea izango dugu hizpide Joxean Etxeberria ENBAko kidearekin, Nerea Segura nutrizionistarekin eta Egoitz Garro makrobiotikoarekin. Gainera, Eli Larrinagaren sinadura ere jasoko dugu, uraz hitz egiteko.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Lehenik eta behin, Mari Aiestaran belar hockey jokalari eta entrenatzaile izandakoak asteartean jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Karmen Adarraga saria. Bera ondo ezagutzen duen Nagore Gabellanes jokalari ohia izango dugu gurean. Bartzelonako Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Gabellanesek. Jon Santxezek aktualitatea puri-purian ekarriko digu gero. Kirol aurrerapena entzun ondoren, 'Ekosfera' saioaren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek.
11:00etan, pertika jauzira ere hurbilduko gara. Naroa Agirre erreferentzia garrantzitsua da kirol horretan, eta, harekin batera, gurean izango ditugu pertikarekin trebe dabiltzan Malen Ruiz De Azua eta Miren De Regil gazteak. 11:30ean, Carlos Cid eta Xabier Amuriza direnez eta ez direnez arituko dira.
12:00etan, Errigorako udaberriko saskiak aipatuko ditugu. Jarraian, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterolarekin eta Igor Zalakainekin. Laranjak prestatuko dituzte gure bi sukaldariek. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.
07:00etatik 13:00etara ariko da lanean 'Faktoria'.