Albisteak
Martxoak 24
Itxaso Atutxa, ostiralean, 'Faktoria'n
G.U. | ERREDAKZIOA
Bizkai Buru Batzarreko lehendakariaz gain, alkateen solasaldian, tabernek eta bestelako negozioek sorturiko zarataz ariko gara. Bestalde, 3 gazte eta 3 afizio desberdin ezagutuko ditugu.
-
Itxaso Atutxa
Itxaso Atutxa Eusko Alderdi Jeltzaleko Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria izango da ostiralean 'Faktoria'n. Goizeko 09:00etatik aurrera erantzungo ditu Maite Artolak egingo dizkion galderak. Bestalde, alkateen solasaldian, Zarauzko Xabier Txurrukak, Berriozarreko Mikel Oteizak eta Zumarragako Mikel Serranok taberna eta bestelako negozioek sortzen dituzten zaratak eta haien gaineko araudia izango dituzte hizpide, besteak beste.
Saioa 07:00etan hasiko da, eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du 'Albiste Faktoria'ren gidaritza. 08:30ean, solasean arituko dira Edurne Egaña eta Maite Ubiria. 09:00etako albiste errepasoaren ostean, Itxaso Atutxarekin hitz egingo dugu. Gainera, alkateen solasaldian, Zarauzko Xabier Txurruka, Berriozarreko Mikel Oteiza eta Zumarragako Mikel Serrano batuko ditugu.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Hasteko, Mikel Gartziak eta Jurdan Arretxek asteko titularrak aztertuko dituzte. Kirol aurrerapena egin ondoren, Urdaibai Bird Center zentroarekin bat egingo dugu, Edorta Unamunorekin hitz egiteko.
11:00etan, Markel Uriarterekin hitz egingo dugu. Igandean Gorla igoko du, bizikleta gurpil bakarraren gainean duela. Jarraian, Nekane Ibarretxek txakurraren laguntzaz haurrak nola irakurzaletzen dituen erakutsiko digu. 11:30ean, Garbiñe Agiriano psikologoaren tartea zabalduko dugu, loaz hitz egiteko. ordua amaitzeko, Mikel Kareagak buping musika ekarriko digu.
12:00etan, Nagore Telleriak asteburuan 'Amarauna' saioan izango dituzten eduki nagusien aurrerapena egingo digu. Gainera, Ane Muñozen zinemarako proposamena entzungo dugu, eta zinema-aretoetan ikusgai izango diren lanen berri ere jasoko dugu.
07:00etatik 13:00etara arituko da lanean 'Faktoria'.