Albisteak
Asteartean
Gure parlamentariek hitz egiten duten hizkuntza kopuruaz, 'Faktoria'n
Gainera, telefonia kontratu blindatuez, Segurako parte hartze prozesu bereziaz eta Lookieroz ere ariko gara.
Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzte parlamentariek? Zenbat legebiltzarkideek eta zenbat Nafarroako Parlamentuko hautetsiek? Datu horien berri emango du 'Faktoria'k astearteko solasaldian, eta hizkuntza gehien hitz egiten dituzten bi ordezkari gonbidatuko ditugu: Julen Bollain, Podemosekoa, eta Aitor Urrutia, Eusko Alderdi Jeltzalekoa. Gainera, telefonia kontratu blindatuez, Segurako parte hartze prozesu bereziaz eta Lookieroz ere ariko gara.
07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Laura Mintegi, Mikel Aramendi eta Javier Diaz Noci. 09:00etako albiste errepasoaren ondoren, Julen Bollain eta Aitor Urrutiarekin hitz egingo dugu. 09:30ean, berriz, telefonia kontratu blindatuez hitz egingo dugu. Zerbitzuaren eskaintza hobetu eta tarifa garestitzeko joera daukate telefonia konpainia handiek eta horrexek , maiz, haserrea eragiten du erabiltzaileengan. Xabier Alberdi Kontsumobideko koordinatzailea eta Koldo Unanue Euskalteleko negozio arduradunarekin mintzatu gara gaiaz. Gainera, Eli Larrinagaren sinadura ere jasoko dugu, uraz hitz egiteko.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Lehenik eta behin, Segurara joko dugu. Herritarren parte hartze prozesua izan da han, nolako herrigintza proiektuak nahi dituzten erabakitzeko. Orain profesionalen txanda da. Herritarrek erabaki dute zer nahi duten, eta arkitekto talde bat elkartuko dute ikusteko herritarrek erabakitakoa bideragarria den, eta bideragarriak ez diren kasuetan, nola bideratu beharko liratekeen proposamen horiek. Jon Santxezek aktualitatea puri-purian ekarriko digu gero. Kirol aurrerapena entzun ondoren, 'Ekosfera' saioaren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek.
11:00etan, Herri Urratseko kanta entzungo dugu. Ondoren, Lookiero ezagutuko dugu. Personal shopperrak dira Kristina Colomo eta Maitane Galarraga. Zerbitzu hau erabili nahi duten pertsonen gustuak ezagutu, eta etxera bidaltzen dizkizute arropak. 11:30ean, Carlos Cid eta Xabier Amuriza direnez eta ez direnez arituko dira. Koldo Mitxelena eta Korrika izango dituzte gai nagusi.
12:00etan, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterolarekin eta Igor Zalakainekin. OIlasko osoa prestatuko dute gure bi sukaldariek. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.
07:00etatik 13:00etara ariko da lanean 'Faktoria'.