Albisteak
Gai nagusiak
Errefuxiatuen Mundu Eguna, asteartean, 'Faktoria'n
G.U. | ERREDAKZIOA
Gainera, nahasmen bipolarra duen pertsona bat elkarrizketatuko dugu, eta Madrilen hastear den World Prideari buruz hitz egingo dugu.
Errefuxiatuen Mundu Eguna izango du ardatz astearteko 'Faktoria'n. Bosniatik guregana errefuxiatu gisa etorritako Lejla Oruc eta berari harrera beroa egin zion Mari Jose Ansalas ordiziarra izango ditugu. Mikel Ayestaran Jordanian izan da errefuxiatuekin, eta han ikusi eta entzundakoak kontatuko dizkigu. Bestalde, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatuta, udan Melillara egingo duten karabanaz hitz egingo digu Xabi Onetergik. Gainera, nahasmen bipolarra duen pertsona bat elkarrizketatuko dugu, eta Madrilen hastear den World Prideari buruz ariko gara.
07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza. 08:30ean, solasaldian izango dugu Hedoi Etxarte. 09:30ean, Madrilen hastear den World Prideari buruz hitz egingo dugu, Gehitu elkarteko Aintzane Muguruza eta Kattalingorriko Raul Lopezekin. Gainera, Eli Larrinagaren sinadura ere jasoko dugu.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Lehenik eta behin, Lejla Oru errefuxiatua eta Mari Jose Ansalas harrera egin zion ordiziarra izango ditugu. Jon Sanchezek aktualitatea puri-purian ekarriko digu gero, eta, kirol aurrerapena entzun ondoren, 'Ekosfera' saioaren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek, Bilbon sartzeko bidesariaz hitz egiteko.
11:00etan, buruko gaitzak dituztenek estigmaren aurka duten borrokaz ariko gara, eta nahasmen bipolarra duen Luisa Etxeberria etorriko da bere testigantza ematera. 11:30ean, Carlos Cid eta Xabier Amuriza direnez eta ez direnez arituko dira. Errefuxiatuak izango dituzte ardatz nagusi, eta Mikel Ayestaranekin hitz egingo dugu.
12:00etan, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatuta udan Melillara egingo duten karabanaz hitz egingo digu Xabi Onetergik. Jarraian, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterola eta Igor Zalakain sukaldariekin. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.