Itxi

Albisteak

Asteazkenean

Whatsapp taldeak sortzeak dakartzan arriskuez ariko gara 'Faktoria'n

ERREDAKZIOA | G.U.

Gainera, krisia dela eta Euskal Herritik joandako talentudunei galdetuko diegu ea itzuliko ote liratekeen.

  • Whtstapp. Argazkia: EFE

    Whtstapp. Argazkia: EFE

Whatsapp taldeak sortzeagatik isuna jaso dezakegu, salatu egin baigaitzakete. Izan ere, taldean baimenik gabe jendearen telefonoak aireratzen dira. Datuen Babeserako Euskal Bulegoko kide batekin, Aritz Eskuderorekin hitz egingo dugu asteazkeneko 'Faktoria'n legeak gai horretan zer dioen argitzeko. Bestalde, kanpoan lanean ari diren bi gazte euskaldunekin hitz egingo dugu, Euskal Herrira itzuliko ote liratekeen galdetzeko (Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ematen ditu itzultzeko) eta nolako lan baldintzak dituzten lanean ari diren tokian. Dublingo eta Municheko adibideak jasoko ditugu.

07:00etan hasiko da albistegia Igotz Alkortak gidatuta. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Rosa María Martin-Sabarisen iritzi tartea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldirako tartean, Mikel Aramendi, Javier Diaz Noci eta Aitziber Oliban arituko dira aktualitatearen analisia egiten. 09:20 aldera, ekonomia tartea zabalduko dugu Helena Franco eta Beatriz Plazarekin, CAFen partizipazio publikoaz aritzeko. Ordua amaitzeko, Koldo Almandoz zinemagilearen errematea entzungo dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, magazina abiatzeko. Hasteko, Idoia Torregaraik euskal hitzen berezitasunak ekarriko dizkigu. Ondoren, Datuen Babeserako Euskal Bulegoko Aritz Eskuderorekin argituko dugu zein arazo izan dezakegun Whatsapp taldeak sortzerakoan eta, 10:30ean, Alemaniaz ariko zaigu berriz Juanjo Sanmiguel lankidea. 11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Txillardegi izango dugu hizpide. "Txillardegi, errotikako gogoeta" hitzaldian zer jorratuko duten azalduko digu Lorea Agirre JAKIN aldizkariko zuzendariak. Igandean beteko dira 6 urte Txillardegi hil zela eta hainbat ekimen antolatu du  Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak. 11:30ean, Esther Moyuaren liburu gomendioak entzungo ditugu, eta Kultura Bonuari buruzko xehetasunak emango ditugu. 

12:00etan, Dublinen eta Munichen lanean ari diren bi gazte euskaldunekin hitz egingo dugu Aitor Jordanarekin (Paypal enpresan ari da lanean) eta Isaak Lizasorekin (autogintza arloan dihardu). Krisi bete-betean joan ziren, eta orain, Jaurlaritzak talentu gazteak berreskuratzeko aurkeztutako planaren harira, itzuliko ote liratekeen jakingo dugu. Bide batez, euren lan baldintzak eta egoera nolakoak diren azalduko digute. 12:30ean, Imanol Ituiñoren magia izango dugu, astero legez.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia