Albisteak
Asteazkenean
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, 'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Bestalde, neguko gau hotzenetan Errekaldeko zubipean bizi direnekin egongo gara, eta Bilboko Aratusteetako pertsonaia nagusiak hartuko ditugu: Farolin eta Zarambolas.
Martxoaren 8rako, Emakumearen Nazioarteko Egunerako, talde feministek deitu duten grebarekin bat egin ondoren, 'Faktoria' albistegira gonbidatu dugu Garbiñe Aranburu, LAB sindikatuko idazkari nagusia. Emakumeen lan-baldintzez eta, oro har, Euskal Herriko hainbat sektoretan oraindik sinatu gabe dauden lan-hitzarmenez galdetuko diogu. Bestalde, magazinean, neguko gau hotzenetan Errekaldeko zubipean bizi direnekin egongo gara; haiei laguntzen aritzen direnekin hurbildu gara zubipera bertara. Gainera, Bilboko Aratusteetako pertsonaia nagusiak hartuko ditugu: Farolin (Mikel Martinez) eta Zarambolas (Elena Caballero 'La Basu').
07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizak gidatuta. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Rosa María Martin-Sabarisen iritzi-tartea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldirako tartean, Mikel Aramendi, Javier Diaz Noci eta Amaia Espinosa arituko dira aktualitatearen analisia egiten. 09:00ak aldera, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia elkarrizketatuko dugu. 09:30ean, ekonomia-tartea zabalduko dugu, Helena Franco eta Beatriz Plazarekin. Ordua amaitzeko, berriz, Koldo Almandoz zinemagilearen errematea entzungo dugu.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, magazina abiatzeko. Hasteko, Idoia Torregaraik euskal hitzen berezitasunak ekarriko dizkigu. 10:30ean, Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko eguna badatorrenez (otsailaren 11n izango da), emakume zientzialarien lana ikusarazteko jardunaldiari erreparatuko diogu. Itziar Otegi (CIC nanoGUNEko Komunikazio arduraduna) eta Nerea Barruetabeña (kimikaria eta CIC nanoGUNEko Nanobiomekanika taldeko ikertzailea) etorriko zaizkigu. Gero, Greziaz eta Mazedoniaz hitz egingo digu Juajo Sanmiguel lankideak.
11:00etako kirol aurrerapenaren ostean, Errekaldeko zubipera joko du Amaia Artetxe lankideak, eta Esther Moyuaren liburu gomendioak entzungo ditugu 11:30ean.
12:00etan, Farolin eta Zarambolas (Bilboko Aratusteetako pertsonaia nagusiak) etorriko zaizkigu bisitan, eta, amaitzeko, 12:30ean, Imanol Ituiñoren magia izango dugu, astero legez.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.