Itxi

Albisteak

Asteartean

Maddalen Iriarte, 'Faktoria'n

ERREDAKZIOA | G.U.

Artisau garagardogintza hartzen ari den indarra ere aztergai izango dugu. Gainera, Hego Euskal Herrian eskizaletasuna Tolosan piztu zela kontatuko digute, bertara lanera etorritako norvegiarrei esker.

  • Maddalen Iriarte. Argazkia: EFE

    Maddalen Iriarte. Argazkia: EFE

EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriarte izango da asteartean 'Faktoria'ko gonbidatu nagusia. Legebiltzarrean autogobernu ponentziari buruzko lantaldeak bere jarduna abiatu eta astebetera erantzungo ditu Iñigo Alustizak egingo dizkion galderak. Solasaldiaren tartean izango da hori, goizeko 09:00etatik aurrera. Horren ondoren, garagardogintzaz arituko gara. Artisau garagardoen sektorea gero eta indar handiagoa hartzen ari da gurean.  Euskal Herriko garagardogile elkartearen arabera, 30 garagardo marka baino gehiago daude eta hamar lantegi ari dira jardun horretan.  Horietako bitan izan gara, euren lanaren berri eman, sektorearen indarraz gogoeta egin eta aurrera begirako asmoen berri jasotzeko. Bestalde, eskiaren jatorri tolosarra aztertuko dugu Migel Zeberiorekin. Hego Euskal Herrian eskizaletasuna Tolosan piztu omen zen, bertara lanera etorritako norvegiarrei esker.

07:00etan hasiko da albistegia, Igotz Alkortak gidatuta. 07:55 aldera, Iñigo Alustizak hartuko du lekukoa, Amatiñoren zutabea entzungo dugu. 08:00etan, Joseba Barandiaranen ekonomia tartea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Maite Ubiria, Xabier Riezu eta Iker Rioja. 09:00etatik aurrera hitz egingo dugu Maddalen iriarterekin, eta 09:25ean, artisau garagardoak dastatuko ditugu. Jon Etxeandia EHko garagardozaleen elkarteko ordezkariarekin eta Gross garagardo etxeko Andoni Galdos eta Aitor Azurkirekin osatu dugu erreportajea. Ordua ixteko, Itxaso Mendiluze arte komisarioaren tartea entzungo dugu; Malagako fiskaltzak auzipetu duen Invader artistaz ariko zaigu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du gidaritza, magazinari ekiteko. Hasteko, eskiaren jatorri tolosarraz hitz egingo dugu Migel Zeberiorekin. Segidan, Eneko Axpe 'Maysha'rekin hitz egingo dugu asteartero bezala, baina oraingoan Kaliforniatik. NASAn hasi da lanean eta Stanford Unibertsitatean ere bai. Beraz Cambridgetik Kaliforniara iritsi orduko, 'Super Egunon' esango digu. 10:30ean, 'Ekosfera' tartea zabalduko dugu Jokin Aldazabal lankidearekin eta Ibai Gesalaga finantza pertsonaletako coacharekin, Bitcoinaz hitz egiteko.

11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Nerea Ibartzabalen, Xabier Amurizaren eta Karlos Ciden tartean suizidioaz ariko gara, eta Biziraun elkarteko Agustin Erkiziarekin hitz egingo dugu. 17 urteko semeak bere buruaz beste egin zuen eta Biziraun elkartean ari da laguntzen.

12:00etan, 'Sukaldari Dema'n, dilistak osagai nagusi hartuta proposatuko dituzte errezetak Pili Manterolak eta Igor Zalakainek. 12:30ean, musikaz eta bizitzaz ariko zaigu Agus Barandiaran.

07:00etatik 13:00etara, martxan izango da 'Faktoria'.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz