Itxi

Albisteak

Asteazkenean

Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, 'Faktoria'n

ERREDAKZIOA | G.U.

Gainera, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunari begiratuko diogu eta Altzako kale adimenduna bisitatuko dugu.

Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, izango da, asteazken honetan, 'Faktoria'ko gonbidatu nagusia. Besteak beste, euskararen inguruan piztu den azken eztabaidari buruz galdetuko diogu Dobaran sailburuordeari; Preferente mailako futbol partida batean euskaraz aritzea debekatu omen zuen epailearen jokaerari buruz, alegia. Baina, horretaz gain, lan eskaintza publikoetan izaten den euskara eskakizunaz eta ikasleen euskara mailari buruz ariko gara Miren Dobaranekin. 09:15 aldera egingo dugu elkarrizketa. Bestalde, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da, eta Idoia Torregaraik helduko dio gaiari magazinean. Gainera, etorkizuneko hiri antolamendu eta teknologiak probatzeko laborategiak egiten ari dira Donostian. Altzako Smart kalera bisita egingo dugu, bertatik bertara ikusteko zertan datzan kale adimentsu hori.

07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizak gidatuta. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Artxandara joko dugu, bertako jolas-parkea eraisten hasiko direlako. Ondoren, Rosa María Martin-Sabarisen iritzi-tartea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldirako tartean, Mikel Aramendi, Javier Diaz Noci eta Amaia Espinosa arituko dira aktualitatearen analisia egiten. 09:15 aldera egingo diogu elkarrizketa Miren Dobarani. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia ere elkarrizketatuko dugu. 09:35ean, berriz ere joko dugu Artxandara, eta ekonomia-tartea zabalduko dugu, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Mikel Navarrorekin. Ordua amaitzeko, berriz, Koldo Almandoz zinemagilearen errematea entzungo dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, magazina abiatzeko. Hasteko, Idoia Torregarai Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaz ariko zaigu. 10:30ean, Altzako Smart kalea ezagutuko dugu, eta, 11:00etako kirol aurrerapenaren ostean, 'Gorputzaldiak' proiektua eta bere emaitzak ezagutuko ditugu. Dantza sartzen dute ikasgeletan, dantza tresna pedagogiko gisa, gaitasun sozioafektiboak lantzeko. Amaia Navascuesek eta Maider Urrutiak kontatuko digute zer ari diren lortzen dantzaren bidez, eta Esther Moyuaren liburu gomendioak entzungo ditugu 11:30ean.

12:00etan, Fermin Aramendia biolin-jotzaile gazte nafarra ere ezagutuko dugu. Besteak beste, Herbehereetako Gazte Orkestra Nazionaleko lehen biolin-jotzaile da. Amaitzeko, 12:30ean, Imanol Ituiñoren magia izango dugu, astero legez.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia