Albisteak
ostegunean
Joseba Egibar, 'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Bestalde, Donostiak onartuko duen pisu turistikoen araudia ere izango dugu hizpide.
Joseba Egibar EAJko Legebiltzarreko bozeramailea izango da ostegunean 'Faktoria'ko gonbidatu nagusia. Goizeko 09:00etatik aurrera erantzungo ditu Maite Artolak egingo dizkion galderak. Bestalde, Donostiako Udalak onartuko duen pisu turistikoen araudiaz ariko gara Aparturreko Asier Peredarekin.
07:00etan hasiko da albistegia Iñigo Alustizak gidatuta. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Aingeru Epaltzaren iritzi zutabea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldirako tartean, Nerea Azurmendi, Martxelo Otamendi eta Joseba Arruti arituko dira aktualitatearen analisia egiten. 09:00etako albiste errepasoaren ondoren elkarrizketatuko dugu Joseba Egibar. 09:45 aldera, Donostiako Udalak onartuko duen pisu turistikoen araudiaz ariko gara Aparturreko Asier Peredarekin.
10:00etan, magazina jarriko du martxan Manu Etxezortuk. Hasteko, Mireia Roca arkitektoak galdera bati erantzuten lagunduko digu: zergatik da San Mames futbol zelaia arkitektonikoki berezia? 10:30ean, Juanjo Sanmiguel lankidea Italiaz ariko zaigu, italiarrak beldurrak airean baitaude Berlusconiren itzulerarekin, eta, segidan, Filosofiaren historia gaurkotua ekarriko digu Markos Zapiainek.
11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Mikel Chamizoren tartean, Musika-Música jaialdiaz ariko gara, Josune Ariztondo jaialdiaren zuzendariarekin, eta, 11:30ean, Ados teatroa 'Art Of Change' ekimenaren baitan prestatzen ari den ikuskizun berria ezagutuko dugu.
12:00etan, Kattalin Minerren burutazioak entzungo ditugu, eta, jarraian, Oskar Alegria zinemagilea 'tximeleta' izendatzeko dauden moduez ariko da. 12:30an, azkenik, 'Egia Ala Gezurra' jolasa egingo dugu, politikarien zaletasunez hitz egiteko.