Albisteak
Ostiralean
'Faktoria' saio berezia, Altsasutik
ERREDAKZIOA | G.U.
Altsasuko gazteen kontrako epaiketaren atariko, Iortia zentrotik egingo dugu saioa, eta hantxe espero ditugu Javier Ollo alkatea, gurasoen ordezkariak, gazteak eta sortu den mugimenduko kideak.
Astelehenean Madrilgo Auzitegi Nazionalean, Altsasuko gazteen kontrako epaiketa. Lesio eta mehatxu terroristak leporatuta, guztira, 375 urteko kartzela zigorra eskatzen du zortzi lagunen aurka. Horietatik hiruk, behin-behinean, kartzelan jarraitzen dute. Oihan, Jokin eta Adurrek kartzelan jarraitzen dute. 518 egun beteko dituzte kartzelan, bertatik Audientzia Nazionalera eramateko ateratzen dituztenean. Justizia eskatu eta zigor eskarien neurrigabetasuna salatzeko manifestazioa deitu dute Gurasoek eta Altsasukoak Aske herri plataformak. Eta manifestazio horren bezperan, ostiral honetan, Altsasura joango da 'Faktoria'. Iortia kultur zentrotik egingo dugu saio berezia. Bertan espero ditugu, Javier Ollo Altsasuko alkatea, gurasoen ordezkariak, gazteak eta Altsasun auzi honek sortu duen mugimendu zabal horretako kide eta herri ordezkariak ere.
07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizak gidatuta. 07:55 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Fabian Laespadaren sinadura entzungo dugu. 08:30ean, Javier Ollo Altsasuko alkatea elkarrizketatuko dugu, eta Javier Arrieta eta Hedoi Etxarte izango ditugu solasaldian, aktualitateari errepasoa egiten. 09:00etatik aurrera izango ditugu gurasoak, Zuzenbidean adituak eta herri mugimenduetako kideak.
10:00etan hartuko du lekukoa Manu Etxezortuk. Magazinaren hasieran, astearen prentsa errepasoa egingo digute Jurdan Arretxek eta Mikel Garciak. Ondoren, denda xelebreen erronda egingo dugu. Loco Polo, Elkano Gazta-gunea eta Let’s Cereal dendetako ugazabekin hitz egingo dugu.
11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, ahuakatearen modaren barrunbeak ezagutuko ditugu. Ba ote dakigu zein egoeratan bizi diren gure artean hain modan dauden aguakateen ekoizleak mexikarrak zein egoeratan bizi diren? Euskal Herrian ekoizten al da aguakaterik? Modaz harago, zein ezaugarri ditu elikagai honek? Galdera hauek eta beste batzuk erantzungo dizkigute Ane Irazabal kazetariak, Harkaitz Rezola Fraisoro Nekazal Eskolako irakasleak eta Bittor Rodriguez EHUko elikagaien biologiako irakasleak. 11:30 aldera, berriz, Ane Muñozen bizitza pasadizoak entzungo ditugu.
12:00etan, asteburuan 'Amarauna' saioan landuko dituzten gaiak aurreratuko dizkigu Gari Udabek. Ondoren, Urdaibai Bird Centerrera joko dugu Edorta Unamunorekin, eta zinema-aretoetan ikusgai izango diren lanen berri ere emango dugu.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.