Albisteak
Asteazkenean
Xabier Perurena aktorea, 'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Elkarrizketa pertsonala egingo diogu, 'ANDeROID' webserie berriaren estreinaldia dela eta. Gainera, Kuala Lumpurren bizi den Irene Lasa ere ezagutuko dugu.
-
Xabier Perurena
Xabier Perurena aktore leitzarrak webserie berria estreinatuko du ostiralean: 'ANDeROID'. Estreinaldiaren harira, bisitan izango dugu 'Faktoria'n, eta elkarrizketa pertsonala egingo diogu. Bestalde, Irene Lasa ezagutuko dugu. Kuala Lumpurren bizi da eta irakasle dabil hango umeei eskolak ematen.
07:00etan hasiko da albistegia, Igotz Alkortak gidatuta. 07:50 aldera, Iñigo Alustizak hartuko du lekukoa, eta Eli Larrinagaren iritzi-tartea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldian izango dira Mikel Aramendi, Xabier Riezu eta Amaia Espinosa. 09:30 aldera, berriz, ekonomia-tartea zabalduko dugu. Adrian Zelaia eta Lander Beloki adituekin batera, Amalur Angiozar izango dugu, Gipuzkoako Bazkundeko eus-COMMERCE programako arduraduna.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, magazina abiatzeko. Hasteko, gorputzaren beroaldiez egingo dugu solas Idoia Torregarairekin. Entzuleei galdetuko diegu zein musika duten nahiago momentu intimoetarako. 10:30ean, Bergarako San Joxepe jubilatuen etxeko Iñaki Alberdik eta Pili Arinek kontatuko digute nola konpontzen dituzten hondatutako etxeko tresnak Kafe Konpon egitasmoan. Jadanik bost urte daramatzate etxeko traste zaharrak konpontzen.
11:00etako kirol aurrerapenaren ostean, Irene Lasa ezagutuko dugu. Kuala Lumpurren bizi da eta irakasle dabil hango umeei eskolak ematen. 11:30ean, Esther Moyuaren liburu gomendioak entzungo ditugu.
12:00etan egingo diogu elkarrizketa Xabier Perurena aktoreari, eta, 12:30ean, Imanol Ituiñoren magia tartea entzungo dugu.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.