Itxi

Albisteak

Asteartean

Joseba Egibar eta Iñaki Garcinuño, 'Faktoria'n

ERREDAKZIOA | G.U.

PPk Senatuan aurrekontuen tramitazioan izango duen jarreraz ariko gara buruzagi jeltzalearekin. CEBEKeko presidentea politika ekonomian izaten ari den eraginaz ariko zaigu.

Espainiako politikagintzan zabaldu den aldi berriari buruz hizketan abiatuko dira astearte honetako 'Faktoria'ko elkarrizketa nagusiak. Joseba Egibar EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentearekin 08:30ean egina dute hitzordua. EAJk Espainiako Kongresuan hartutako erabakiaz eta haren ondoren PPk Senatuan aurrekontuen tramitazioan izango duten jarreraz arituko gara, besteak beste. Galdetuko diogu, baita ere, Gasteizko legebiltzarrean autogobernuaren ponentzian egiten ari diren lanari buruz ere. Iñaki Garcinuño CEBEKeko presidentea, berriz, 09:30ean gerturatuko da Euskadi Irratira. Beste askoren artean, egoera politikoak ekonomian duen eraginaz arituko da Bizkaiko enpresarien presidentea, Maite Artolaren galderei erantzunez.

07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustiza gidariaren eskutik. 07:55 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Amatiñoren zutabea entzungo dugu. 08:00etan, Joseba Barandiaranen ekonomia tartea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Maite Ubiria, Iñaki Galdos eta Iker Rioja, eta tarte horretan elkarrizketatuko dugu Joseba Egibar. 09:30ean, berriz, Iñaki Garcinuñorekin hitz egingo dugu.  Ordua ixteko, Itxaso Mendiluze arte komisarioaren gogoeta entzugo dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du gidaritza, magazinari ekiteko. Hasteko, Maysharen 'Arts&Science' tartea entzungo dugu, eta, 10:30ean, Donostiako ondare arkitektonikoa babesteko Ancora elkarteko Eneko Oronoz elkarrizketatuko dugu, Donostian arriskuan dauden eraikin historikoei buruz berba egiteko. Jarraian, 'Ekosfera' tartea zabalduko dugu, Jokin Aldazabal lankidearekin, Urumea Bizi ekimena buruz hitz egiteko.

11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Espainiako presidente berri Pedro Sánchezen gobernuari zer eskatuko lioketen galdetuko diegu Joxe Agustin Arrieta Gipuzkoako pentsiodunen elkarteko ordezkariari, Gure Esku Dagoko Anjel Oiarbideri, Joxean Bengoetxea aktoreari baita Bilgune Feministako eta Gazte Kontseiluko kide banari ere, Direnak eta ez direnak tartearen baitan, astero moduan, Karlos Cid, Xabier Amuriza eta Nerea Ibarzabalen iritziekin batera.

12:00etan, 'Sukaldari Dema': Pili Manterolak eta Igor Zalakainek Nerea Alias ETBko aurkezlearen hozkailuan aurkitutakoarekin prestatu beharko dute plater bana. 12:30ean, gainera, Heinekenek sagardoa botilan merkaturatu duela eta, Unai Agirre Euskal sagardoa jatorri izenaren koordinatzaileari eskatuko diogu iritzia.

7:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz