Albisteak
Ostiralean
Irene Paredes Paris Saint-Germain taldeko jokalaria, 'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Gainera, hizkuntzek gizartearen aldaketen erritmora zenbateraino mugitu behar duten jakin nahian, iritzia eskatuko diogu Miriam Urkia euskaltzainari.
-
Irene Paredes
Irene Paredes Paris Saint-Germain taldeko futbolari profesionala da eta munduko hamaikako oneneko kide izendatu dute aurten. Bera izango da ostiral honetan 'Faktoria'ko gonbidatu nagusia. Munduko txapelketaz, futbolaz eta, bereziki, emakumezkoen futbolaz eta emakumeez arituko da Maite Artolarekin solasean. 09:30ean egina dugu hitzordua jokalari legazpiarrarekin. Bestalde, Italia Txiki elkartea ezagutuko dugu.
07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizak gidatuta. 07:55 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Fabian Laespadaren sinadura entzungo dugu. 08:30ean, Xabier Riezu, Eguzki Urteaga eta Gorka Maneiro izango ditugu solasaldian, aktualitateari errepasoa egiten. 09:00etako albiste errepasoaren ondoren, Miriam Urkia euskaltzain eta hiztegi batuaren koordinatzailea sartuko zaigu ondorengo galderari erantzuteko: zenbateraino mugitu behar dute hizkuntzek gizartearen aldaketen erritmoan? 09:30ean izango da Irene Paredesen elkarrizketa.
10:00etan hartuko du lekukoa Manu Etxezortuk. Magazinaren hasieran, astearen prentsa errepasoa egingo digute Jurdan Arretxek eta Mikel Garciak. Ondoren, Donostiako Uliako Ur biltegira bisitan joango gara, Antton Larretxau Uliako parkeko zaindari eta Donostiako ur zerbitzuko langile ohiarekin batera.
11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, 'Arts & Science' tartea osatuko dugu Maisharekin, eta, 11:30 aldera, Italia Txiki elkartea ezagutuko dugu. Euskal Herriaren eta Italiaren arteko harremanak sendotu eta elkartruke kulturala bultzatzen duen elkarte honetako bi kide ezagutuko ditugu: Marina Franceschi eta Arantxa Olivieri.
12:00etan, asteburuan 'Amarauna' saioan landuko dituzten gaiak aurreratuko dizkigu Unai Urreagak. Ondoren, Urdaibai Bird Centerrera joko dugu Edorta Unamunorekin, eta zinema-aretoetan ikusgai izango diren lanen berri ere emango dugu.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.