Albisteak
Asteartean
Bilboko hirigune osoan ezarriko duten 30eko abiadura mugaz, 'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Enrique Urkijo mugikortasun zuzendaria eta Sergio Barreña soziologo eta Indarteceko bazkidea ariko zaizkigu. Bestalde, arratoi garbiketarako metodoez hitz egingo digu Natalia Etxarrik.
30eko abiadura muga ezarriko dute asteburuan Bilboko erdigune osoan. Horri buruz hitz egiteko, Enrique Urkijo mugikortasun zuzendaria eta Sergio Barreña soziologoa eta Indarteceko bazkidea izango ditugu. Bestalde, Donostiako Udalean arratoi garbiketarako dituzten metodoez ariko zaigu Natalia Etxarri albaitaria.
07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizak gidatuta. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Amatiñoren iritzi-tartea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldian izango dira Maite Ubiria, Iñaki Galdos eta Iker Rioja. 09:30 aldera ariko gara Bilboko hirigunean ezarriko duten 30eko abiadura mugaz, eta, saioa amaitzeko, Itxaso Mendiluze arte komisarioaren arte gomendioa entzungo dugu
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, magazina abiatzeko. Hasteko, 'Arts & Science' tartea osatuko du Eneko Axpe 'Maisha'k Kaliforniatik. Jarraian, Joseba Kamio publizistaren eskutik, AEBtako parke nazionalak izango ditugu hizpide. 10:30ean, 'Ekosfera' tartea zabalduko dugu Jokin Aldazabal lankidearekin, Goienerreko ordezkari asier Arsuagarekin hitz egiteko.
11:00etako kirol aurrerapenaren ostean, direnez eta ez direnez ariko zaizkigu Nerea Ibarzabal, Xabier Amuriza eta Karlos Cid, eta 12:00etan, 'Sukaldari Dema' izango dugu. Tarta bana prestatuko digute Pili Manterola eta Igor Zalakain sukaldariek. 12:30ean hitz egingo dugu arratoi garbiketarako metodoez.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.