Faktoria
Agifes sariak
'SIML' eta 'Faktoria',Kazetaritza eta Buru Osasuna lehiaketan irabazle
EiTB
Lehiaketaren xede nagusia gaixotasun mentalen tratamendu egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza lanak aintzat hartu eta saritzea da.
Agifes irabazi-asmorik gabeko elkartearen sentsibilizazio batzordeak Kazetaritza eta Buru Osasuna lehiaketaren irabazleen izenak ezagutarazi berri ditu. Elkartearen aburuz, Gipuzkoa mailan, orokorrean, hedabideek buru-gaixoen kolektiboari tratamendu egokia ematen diote. Jardunbide egoki horiek saritzeko, hain zuzen, Agifesek hiru golardo banatu ditu. Sarituen artean EiTB Taldeko bi saio daude: 'Sin Ir Más Lejos' (ETB2) eta 'Faktoria' (Euskadi Irratia).
Batetik, Telebista kategorian ETB2ko 'Sin Ir Más Lejos' programa izan da irabazle, 2014ko urriaren 13ko saioan buru-osasunari eta sentsibilizazioari eskainitako tarte zabalagatik. Gaixotasun mentalei buruz dauden aurreiritziak baztertzera zuzendutako saioa egin zuten, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, eta batzordeak azaldu duenez, sentsibilitate handiz jorratu zuten gaia.
Bestetik, Irratia kategoriaren barruan, 'Faktoria' (Euskadi Irratia) saritzea erabaki dute, 2014ko maiatzaren 13an Karabeleko ekonekazaritza etxaldeari buruz egindako erreportajeagatik. Etxaldean bertan errehabilitazio psikosoziala lantzen ari diren bi erabiltzaile izan ziren protagonista nagusi, eta euren iritzi eta bizipenak entzuleekin partekatzeko parada izan zuten. Agifesek gaiaren trataera arduratsua saritu nahi izan du.