Itxi

Faktoria

Transexualitatea haurretan

'Haur transexualek entzunak izatea behar dute'

B.F.

EiTB

Iñaki Goñi eta Nahia Rojo sexologoek haur transexualen identifikaziorako gakoak eta egoera honetan dauden haurren familientzat jarraibideak eman dizkigute 'Faktoria'n.

Euskal Herrian, oso denbora-tarte laburrean, Leo eta Luzia haur transexualen kasuak ezagutu ditugu. Puri-purian dagoen gai honen harira, Iñaki Goñi Nafarroako Haur Transexualen Elkarteko sexologoa eta Nahia Rojo psikologo eta sexologoa gonbidatu ditugu ‘Faktoria’ra.

Leo eta Luzia haurren kasuak ezagutzera ematearekin batera, hainbat eta hainbat familia haur transexualen elkarteekin kontaktuan jarri direla jakin ahal izan dugu. Aitzindariak izan diren bi kasu hauek beste askori atea zabaldu dien arren, haur transexualen familiek prozesuak dituen zailtasunei aurre egiteko tresnak beharrezkoak direla aldarrikatzen jarraitzen dute.

Guraso askoren ustez, osasunaren arloko profesionalek beraien artean duten desadostasuna da arazoetako bat. Familia hauek diotenez, transexualitatea egoera bat dela argi utzi beharrean, osasun-sistemak gaixotasun gisa hartzen du egoera honetan dauden pertsonak.

Iñaki Goñik ‘Faktoria’ kontatu digunez, 3 edo 4 urteko ume bat gai da dagokion generoa identifikatzeko. Izan ere, generoak garapenarekin edo prozesu batekin inongo zerikusirik ez duela nabarmendu nahi izan du. Bere hitzetan, “identitatea gestaziotik burmuinean sortzen den ezaugarria da”. Gauzak honela, hitz egiten jakin aurretik ere, posible da haur bat asignatutako sexuarekin deseroso sentitzea. Gainera, haurrek hasieratik oso argi izaten dutela esan digu eta gurasoek hasiera batetik erantzuten jakin behar dutela.

Azkenik, egoera honetan dauden familiei gomendio bat luzatu diete Iñaki Goñi eta Nahia Rojok. Guraso eta ikasleei eskatu diete, haurrek esandakoari kasu egin eta eskatzen duten generoan tratatzeko.