Faktoria
Kultura
'Irri eta negar egiteko dokumentala da 'Neskatoak''
B.F.
EiTB
Mari Karmen eta Ramoni Tapia 'Faktoria'n izan dira gaur, eta Iparraldean neskame lanetan egon zirenekoak ekarri dizkigute gogora.
Atzo estreinatu zuen Jon Abril zuzendariak Neskatoak dokumentala Berako Kultur Etxean. Gerra ostean, 1950eko hamarkadatik aurrera, Hego Euskal Herritik Iparraldera eta Frantziara neskame joan ziren emakume gazteen istorioa kontatzen du ikus-entzunezko piezak.
Gaur goizean, Jon Abril zuzendariaz gain, Mari Karmen Tapia eta Ramoni Tapia ahizpak izan ditugu gonbidatu ‘Faktoria’ saioan. Iparraldera joan behar izan zuten biek, 12 eta 13 urte zituztela, hurrenez hurren, neskato lanetan ibili eta familiari diru pixka bat ekartzeko.
Mari Karmenek kontatu digunez, 12 urterekin atera zen etxetik, eta Lesakan, Irunen eta Donibane Lohizunen aritu zen neskame. Haurrak zaindu, otorduak prestatu eta etxea garbitu ostean, bazkaldu eta eskolara joaten ziren neskato gazteak. Goizean etxeko lanek lur jota utzi eta eskolara joateko gogoa kentzen ziela kontatu digu Mari Karmenek.
Ramoni Tapiak 13 urterekin utzi zuen baserria Lesakako etxe batera neskame joateko. Gero, Urruñan ibili zen urte eta erdiko haurra zaintzen, 18 urte bete zituen arte. Ramonik ‘Faktoria’n azaldu digunez, gogorrak izan ziren etxetik kanpo pasatu zituen 5 urteak. Etxekoen falta zen orduko neskatoek sumatzen zuten gabezia nagusia. Gainera, etxean giltzapeturik egoteak sortzen zion ondoezaz mintzatu zaigu.
Estreinaldia eta harrera
Jon Abril zuzendariak esan digunez, oso harrituta dago dokumentalak izan duen harrera beroarekin. Atzoko estreinaldian jendeak irri eta negar egin duela esan digu, mota guztietako erreakzioak izan zirela.
Gerra garaian, Euskal Herria utzi eta Ameriketara artzain joan ziren gizonezkoen informazio asko badago ere, Ipar Euskal Herrira neskato joan ziren emakumeen inguruko informazio oso urria aurkitu duela esan digu Jon Abrilek, baina ikertu ahala ehunka emakume aurkitu ditu. Berak Baztan eta Bidasoa ingurukoak aukeratu dituen arren, Euskal Herri osoan zabaldutako fenomenoa izan zela nabarmendu du.
Dokumentala ikusteko aukera ugari izango dira hilabete honetan. Besteak beste, Hondarribian (martxoak 9), Arantzan (martxoak 12) eta Donostian (martxoak 16).