Itxi

Faktoria

Aste Santuko oporrak

Euskal Herritik atera gabe Aste Santurako proposamenak 'Basklink'etik

B.F.

EiTB

Leire Agirrezabalak Euskal Herriko zazpi puntu gomendatu dizkigu Aste Santuari begira.

Ostiralero bezala, ‘Basklink’ atariko Leire Agirrezabala izan dugu gonbidatu gaurko ‘Faktoria’n. Aste Santuan etxetik hurbil gelditu eta oporrak Euskal Herrian barrena pasatzeko proposamen interesgarria ekarri digu Leirek gaurkoan. Horretarako, honako ibilbidea proposatu digu:

-La Verna leizea: Oporrak Zuberoa aldean hasi eta, Erronkari zeharkatuz, La Vernako leizera bisita egitea proposatu digute ‘Basklink’en. Leirek esan digunez, Parisko Notre Dame katedralaren moduko 17 sartzeko beste leku dago bertan. Leizea bisitatu nahi izanez gero, telefonoz eta internet bitartez egin dezakezu erreserba.

-Laia txokolategia: Zuberoatik, Nafarroa Beherera. Baigorrin, txokolatezko produktuak modu tradizionalean egiten dituen Laia txokolate fabrika dugu. Txokolategiak bisita gidaturik eskaintzen ez duen arren, txokolate bero bat hartu eta bertako bonboiak dastatzeko proposamena egin digu Leirek.

-Lartigue 1910 oihal fabrika: Nafarroa Beheretik Lapurdira egingo dugu jauzi. Euskal oihalak diseinatu eta egiten dituen faktoria bitxia da Lartigue 1910. Ehun urte dituen familia fabrika honetan, oihalak landu eta ekoizteko prozesu guztia ikusteko aukera izango duzu, dohainik. Lartigue 1910 bisitatu nahi izanez gero, ez da aurretiko hitzordurik eskatu behar.

-Arguedasko etxe-leizeak: Iparraldea utzita, Nafarroara joan eta Bardean murgiltzea da hurrengo urratsa. Bardeako inguru paregabeaz gozatzeaz gain, Arguedasko etxe-leizeetara bisita egitea proposatu digu Leirek. Leizeetan barrena bakarrik ibili nahi ez badugu, udaletxera deitu eta gida bat eskatu ahal dugula jakin dugu. Autokarabana edo furgonetan joan nahi izanez gero, mota honetako ibilgailuentzat aparkalekua oso hurbil dagoela esan digute.

-Gasteizko horma-irudiak: Hiriburu arabarra da gure ibilbidearen hurrengo geltokia. Bertan, 2007an abian jarri zuten proiektu bitxi honetan murgiltzeko aukera izango dugu. Hemen ere, bisita gidatua egiteko aukera dago, eta www.muralismopublico.com atarian egin ditzakezu eskaera.

-Urdaibai on: Bizkaia da gure bidaiako azken-aurreko geralekua. 'Urdaibai on' enpresaren bitartez, Mundaka, Arteaga, Sukarrieta eta Urdaibaiko Biosfera inguratzen duten kostaldeko herri ikusgarrietan egin ditzakegu bisita. Gainera, Oka ibaian zehar itsasontzietan txango pertsonalizatuak egiten dituzte 'Urdaibai on'eko lagunek.

-Euskal Herriari bira: Donostia 2016ko agendan dagoen egitaraua da hurrengo hau. Aste Santuan hasi eta 32 etapatan banatuta, Euskal Herri osoa zeharkatzeko asmoa duen ekimena da '2016 Ibilbidea'. Ibilbidearen lehen urratsak Donostian emango dira, martxoaren 27an. Gure ondare natural eta kulturalaz gozatzeko aukera ederra da Donostian egingo den lehen etapa honetan parte hartzea.