Faktoria
Itoizko urtegiko sabotajea
'Gure ekintzak ezpata eta paretaren artean jarri zuen Estatua'
B.F.
EiTB
Julio Villanueva ekintzan parte hartu zuen solidarioa 'Faktoria'n izan da, Itoizko urtegiko obretan duela 20 urte gertatutakoaz mintzatzen.
Apirilaren 6ean 20 urte beteko dira, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek Itoizko urtegiko lanetan, porlana garraiatzeko kableak moztu zituztela. Solidarioen ekintzarik ikusgarriena eta sonatuena izan zen. Efemeridea gogoratu du ekintza hartan parte hartu eta horregatik espetxe zigorra jasotako Julio Villanueva Itoizko solidarioak.
"Zirrara handiz" gogoratzen du Juliok 1996ko apirilaren 6an bizitakoa. Ondo prestatu eta bideratutako ekintza izan zela esan digu Itoizko solidarioak. Rotaflex batekin moztu zituzten Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek 100 kilotik gora porlan garraiatzeko erabiltzen ziren makiaren kableak. Urtegiko obra 9 hilabete atzeratzeaz gain, 9 milioi euroko galera suposatu zuen apirilaren 6ko ekintzak.
Julio Villanuevak azpimarratu nahi izan duenez, ekintza publikoa izatea erabaki zuten eta kazetariak deitu zituzten. Gerora, ekintzan parte hartutako kideen kriminalizazioa ekiditeko oso erabilgarria izan da egun horretan komunikabideek jasotako testigantza. Izan ere, botereak terroristatzat hartu zituen ekintzan parte solidarioak eta, Juliok esanda bezala, “gerora eragina izan duen zigor gogorra” ezarri zien. Ekintzan parte hartu zuten zortzi lagunek 4 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten eta horietako hiru espetxetik pasatu ziren. Espetxe zigorraz gain, 12 milioi euroko isun ekonomikoa jaso zuten. Villanuevak esan digunez, horietako batzuk, dulea 20 urte ezarritako isun ekonomikoa oradintzen jarraitzen dute.
Estatu mailako oihartzuna
Julio Villanuevak ‘Faktoria’n esan digu duela 20 urte borroka galdu bazuten ere, Espainiar Estatua “pareta eta ezpataren artean” jartzea lortu zuten elkarteko kideek. Urtegiaren obrak aurrera egin zuen arren, lanak 9 hilabetez geratu eta auzia nazioartean zabaltzea lortu zuen Itoitzekin Elkartasuna taldeak.
Villanuevak gurean gogoratu duenez, Espainiar ministerioetan ‘El infierno de Itoiz’ bezala zen ezaguna Itoizko urtegiko afera. Gainera, tankerako 120 proiektu inguru geldiaraztea lortu zela nabarmendu nahi izan du gonbidatuak.