Faktoria
Jokin Azpiazu
'Matxismoaren adierazleak ez dira soilik maila goreneko jarrerak'
Jokin Azpiazu soziologoaren eskutik, “feminismoa eta gizonak” tailerra egingo dute Irungo Lakaxita gaztetxean. Berdintasunaren alde gizon taldeak aktibatu behar direla uste dute.
-
17:35 min
Berdintasunaren alorrean lan handia egin dela adierazi digu Jokin Azpiazu soziologoak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n. Nolanahi ere, ez du baikor egoteko motiborik ikusten. "Aitatasunaren aurrean gizonezkook dugun jarrera aldatu dela dirudi, baina baimenen inguruan, esaterako, datuek bestelakoa diote", adierazi digu.
Gai zaila da, horren ustez; izan ere, "pribilegioaren posiziotik ari gara pribilegio hori kuestionatu nahian, eta hori ez da sinplea, ezta erraza ere". Azpiazuren esanetan, matxismoaren adierazleak ez dira soilik jarrera biolentoak edo antzekoak. Umore edo txantxa artean ere mikromatxismoa dago, eta horien aurrean, gizonezkoek batez ere, jarrera aktiboagoa izan beharko luketela azpimarratu du.
Komunikabideek ere badugu zer hobetu, Jokin Azpiazuk esan digunez. "Komunikabideen aldetik esfortzu handiagoa egin behar da gaien konplexutasunean murgiltzeko, sinplifikazioetan erori gabe. Urte dexentez horren inguruan lanean aritu direnekin harreman estuagoa izatea ere gomendagarria da, ikusteko zeintzuk diren benetan konplexutasunak eta nondik heldu diezaiekegun", esan digu Azpiazuk.