Faktoria
Elkartasun birala
Ugandako umezurztegi bateko haurrak, entzierroan korrika
Ismael Yague nafarra umezurtzekin ari da lanean Moyon, Uganda iparraldean. Sanferminak han ere ospatzea bururatu zitzaion eta bideo bat grabatu zuen. Ia 28.000 ikustaldi izan ditu interneten.
Musikaria da Ismael Yague, eta musika ardatz duen proiektu batean lan egitera joan zen Ugandara maiatzaren bukaeran; hain zuzen ere, Moyoko haurrentzako Musika Eskolan lan egitera. Bertara heldutakoan, proiektuaren beste ardatz batzuetan ere hasi da lanean, eta gaur egun Moyo Babies' Home umezurztegian ari da lanean. 31 haur bizi dira bertan, 0 eta 5 urte artekoak, zazpi bat zaintzailerekin.
Duela gutxi arte jasotzen zuten diru-laguntza kendu diete, eta kanpotik jasotzen duten diru-laguntzetatik bizi dira. Oinarrizko beharrak aseta badituzte ere, afektibitateari dagokionez, hutsunea dute. Jolas baten modura hasi zen Ismael Yague sanferminetako entzierroa antolatzen umeekin, eta jolasaren bideoa ere grabatu zuen, lagunei eta familiakoei bidaltzeko, baina jende gehiagorengana iritsi da oso denbora gutxian, Interneteko plataformen zein sare sozialen bidez.