Faktoria
AEK Familia barnetegia
'Hemendik aurrera euskaraz egingo dugu familian'
AEK-ren udako familia barnetegi batera egin dugu bisita, Adunara. Euskara hobetu eta familian euskaraz egiteko ohitura hartu nahian, bi aste egin dituzte euskaraz.
-
17:32 min
Gasteiz, Sestao, Ermua eta Iruñea utzi eta familian joan dira barnetegira, euskara praktikatu eta seme-alaba/gurasoekin hizkuntza ohiturak aldatzeko asmoz. Oso pozik itzuli dira, egonaldi aberasgarria izan dela kontatu digute haur zein gurasoek: "etxera bueltan, nahi gabe, euskara irteten zaigu".
Gaztelania dute inguruan beren eguneroko bizitzan. Hala ere, geroz eta gehiago entzuten dute euskara eta haiek ere horren parte izan nahi dute. Guraso direnetako batzuk urte osoa eman dute euskaltegian euskara lantzen, haurrek eskolan. Adunan, ikasgeletatik kanpo, praktikara eraman dute. Udako plana egin dute, baina, orain arte ez bezala, euskaraz.
Gurasoak, seme alabak eta irakasleak elkarrekin bizitu dira, bi astez, eta euskara hutsean. Horretarako, sekulako esfortzua egin behar dute familiek eta meritu hori goraipatu nahi izan dute irakasleek. Esperientzia aberasgarria dela esan digute eta gogoa eta beldurrik ez izatea besterik ez dela behar. Baldintza bakarra, seme-alabekin joatea da.