Faktoria
Solasaldia
Euskara planak enpresetan, mende laurden lurra ongarritzen
1991n jarri zen martxan lehen euskara plana ELAI enpresan. Hura izan zen aitzindaria. 25 urte geroago, egungo egoera eta erronkak aztertu ditugu solasaldian.
-
26:47 min
Lan mundua euskalduntzeak erronka izaten jarraitzen du baina lana ez da ezerezetik hasi, mende laurden bete du enpresa batean ezarri zen lehen euskara planak. 25 urte geroago, egungo egoera eta erronkak aztertu ditugu 'Faktoria' saioko solasaldian. Maddi Etxebarria Elhuyarreko kidea lehen plan haren sorkuntzan aritu zen. "Elain bide bat egina zegoen aurretik eta bera aukeratu zen lehen plana arrakastatsua izateko. Ez zegoen ezer eginda, baina argi genuen enpresako lan egiteko moduetan sartu behar genuela", gogoratu du.
Etxebarriarekin batera egoera aztertzen izan dira 'Faktoria'n Bankoa-Credit Agricoleko giza baliabideen zuzendari den Ana Urkiza, Ramon Mendiguren Cikautxo koperatibako proiektu burua eta Asier Arakistan Zumaiako GKN enpresako langilea. Bakoitzak euren egoeraren berri eman digu.
Bankoan 2008an egin zuten plana. "Ohituraz edo, kanpora begirako komunikazioa elebitan egiten zen baina irizpiderik gabe. Euskara bezeroari begirako komunikaziora mugatzen zen. Enpresan euskaldunak %60ra iristen ginela ikusita eta zuzendaritzaren babesarekin hasi ginen plana lantzen", azaldu du Urkizak. Era berean onartu du "beti egoten direla" plan horiek begi onez ikusten ez dituztenak.
Cikautxo koperatiba Berriatuan dago kokatuta. Mendigurenek esan digunez, "Berritxun euskara asko egiten da, gauden lekuan gaudelako. Irizpiderik ez zegoen ordea, enpresan, eta lehenengo argazki bat egin genuen nun geunden jakiteko. Orain gu geu eragile izan gaitezkeela ikusi dugu”.
Bestelakoa zen Zumaiako GKN enpresako adibidea. "GKNn gu hasi ginenean erabat erdalduna zen, dena erdaraz zegoen. Batzuk beti ibiltzen ginen euskara sustatu nahian baina enpresaren aldetik mesfidantza zegoen arazoak sortuko zirelakoan. Hasi ginen paisaia lingusitikoa deitzen zaionarekin, kartelak aldatu eta itzulpegintza lanean, eta ondoren enpresan beldurra galtzen hasi ziren eta planean sakontzeko modua izan genuen. Programa informatiko berria egiteko garaian elebitan jartzea lortu genuen eta orain aurrera begira erabileran sakondu nahi dugu. Plantila gaztetu da eta hori sustatu nahi dugu", nabarmendu du Arakistainek.
Bide luzea dago aurretik lan mundua euskalduntzeko, baina gogo eta ilusioa ez direla falta argi utzi dute gure gonbidatuek.
re gonbidatuek.