Itxi

Faktoria

Elkarlanean sortu

Koldo Telleria: 'Aste honetan Seguran gertatu dena ez da erraza gertatzea'

'Elkarlanean lekuak sortzen' hirigintza partehartzaile tailerra egin berri dute Segurako herrian: herritarren parte-hartzearekin, hirigintzari buruzko hausnarketa oparo eta sakonerako abagunea.

  • 26:11 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hilabeteak daramatzate Segurako herritarrek buru-belarri parte-hartze prozesu interesgarri batean. Herriko plaza eraberritzeko asmotik sortu zen prozesua. Martxoaren amaieran, 'Faktoria'n izan genuen haien berri. Hain zuzen ere 'Elkarlanean lekuak sortzen' hirigintza parte-hartzaile tailerra abian jartzekotan zirela.

300 herritarrek baino gehiago parte hartu dute parte-hartze prozesuan. Eta prozesu honetan plazan egiteko hainbat proposamen aurkeztu zituzten: eserleku gehiago jarri, kale nagusia itxi edo estalpeak eraiki, besteak beste. Pazko Astean, tailerrean lanean jardun duten lagunek proposamen hauei buruzko hausnarketa egin dute. Tailer edo workshop-a irekia izan da. Segurako Udalak eta Dunak taldeak antolatuta, disziplina askotariko profesionalak eta gazte graduatu berriak gonbidatuak zeuden parte hartzera, Segurako herritarrekin batera.

Eñaut Telleria, Segurako alkatea, Koldo Telleria, arkitektoa eta tailerretako dinamizatzailea eta Maddi Goikoetxea, antropologian graduatua eta tailerreko partaidea gonbidatu ditugu esperientzia honen berri eman diezaguten.

Balorazio oso ona egin dute hirurek. "Lan handia izan da, jende asko koordinatzeko", esan digu Koldo Telleria arkitektuak eta gaineratu du "konfiantza eta gogo asko egon dela hizlari eta partaideen aldetik". Hirigintzako proiektuak, normalean, lehiaketa bidez esleitzen zaizkie adituei, arkitektu eta injeriariei, kasu. Hemen salto bat eman da. Herritarrek prozesu osoan parte hartu dutelako, "bide luzeagoa baina, ustez, egokiagoa", Koldo Telleriaren arabera.

Maddi Goikoetxea, antropologian graduatu berria da. Beste graduatu berri batek eman zion Segurako workshop-aren berri eta pozik heldu dio erronka berriari. Haren esanetan, "potentzialitate handi bat dago horrelako proiektu baten atzean: gizarte antolaketan bizitza zentroa jartzea. Ez gaude ohituta gure iritzia ematera, erabakitzera, baina pixkanaka kolektiboki jabetzeko oso praktika interesgarria da".

Espazio publikoaren inguruko hausnarketa izan da. Eta horretarako hainbat hizlari gonbidatu dituzte: historialariak, soziologoak... Bestalde, herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dute. Sei urtetik gorakoek parte hartu dute, hain zuzen ere. "Segurarrok nolakoak garen erakutsi digu aste honek", dio Eñaut Telleria Segurako alkateak. Faktore askok egin du bat Segurako parte-hartze prozesuaren gauzatzean: herritarren parte-hartzearen inguruan lanean diharduten denbora luzea, eragile guztien arteko konfiantza handia edo tailerrera gerturatu diren adituek jarri duten gogoa eta maitasuna, besteak beste. Orain, workshopeko proposamenak proiektu batera bideratu behar dituzte, eta horra ere kontsentsuz iritsi nahi dute.

 

dute.