Faktoria
Ama-semeak erromes
'Egiazko motxila handia da, baina, bizkarrean, txikia'
Inaziotar Bidearen lehenengo lau etapak egin ostean, Karmen Santamaria eta Iñaki Eguren ama-seme ibiltariekin solas egin dugu.
-
20:10 min
Ama-semeen arteko maitasunarekin egin du topo Tere Belokik Euskal Herritik pasatzen diren erromes bideetan barrena egin duen ibilbideetan. Maiatza hasieran, Loiolatik irten, eta Manresarako bidean, Aldan, Kanpezutik gertu, izan dute solasaldia. 'Faktoria'n izan dugu entzungai.
Ez da ohikoena ama-seme bikotea ibiltariak erromes aurkitzea. "Nire itxura nahiko gaztea da eta jendeak ez du pentsatzen ama-semeak garenik" aitortu digu Karmenek. Ibiltari eskarmentudunak dira Karmen eta Iñaki. Donejakue Bidea hainbat alditan eta ibilbide diferentetatik egiteaz gain, Nepalen ere ibili direla esan digute. Ibilaldi guztietan ikasi dute motxila ahalik eta arinena eraman behar dela. Hala ere, bizkarrean motxila txikia eraman arren, "egiazko motxila handia da", esan digu Karmenek, bere istorioa kontatu digunean.
Izan ere, gaixotu egin zen urtean hasi zen mendian ibiltzen Karmen, 2003an, "burua kontrolpean edukitzeko. Eta lortu dut, eta pozik nago". Une honetan ere gaixorik dagoela esan digu, baina ibiltzeak indarberritu egiten duela: "fededuna naiz. Nire errekuperazioaren bila etorri naiz, eta eskerrak ematera". Bere asmoa, hurrengo ibilbidean, Montserratera joatea da eta bertako amabirjinari eskerrak ematea.
Lehenengo aldiz 2004an egin zuten Donejakue Bidea, Iñaki semeak 12 urte zituela. "Aitarekin batera egin genuen, Donibane Garazin hasita", oroitu du Iñakik. "Gaztea nintzen baina erraz egin nuen bidea. Gaztetan sufrimendu gutxiago egoten da", nabarmendu du. Zenbat eta urte gehiago, orduan eta pentsatzeko eta buruari bueltak emateko aukera gehiago daude, eta horrek sufrimendu fisikoa, umetan ez bezala, laztu egiten du, eta kilometroak egitea zailagoa bihurtzen dela arrazoitu du.
tu du.