Faktoria
Iñaki Goirizelaia
'Nik ere erabaki egin nahi dut'
Presiorik gabe aritu zaigu, besteak beste politikaz: "Aitortzarik ez duten herrien hitza eta borondatea ezagutu egin behar da".
-
20:38 min
Unibertsitateko ikasturte hasierako ekitaldiko protokoloak hala agintzen zuelako jantzi zuen atzo korbata Iñaki Goirizelaiak. Baziren zazpi hilabete armairuan zintzilikatu zuela. Eta harekin batera, gorde zituen EHUko zuzendaritzan egindako 12 urte luzeetako lanak eta presioak. Bizitza epe berria du orain eta ari da distantzia hartzen, apurka. Distantzia fisikoa ere jarri du hilabete hauetan. Boisen aritu da, eskolak ematen berriz; gutxika lehengoratzen. Nazio-eraikuntzari buruz aritu da Ameriketan, besteak beste, euskaldunok egin dugun bideaz. "Kataluniatik, gutxienez, ikasi egin beharko" genukeela dio eta hemen bide diferentea jorratuta ere, berak ere izan nahi duela hitza. "Nik ere erabaki egin nahi dut", esan du 'Faktoria'n. "Aitortzarik ez duten herrien hitza eta borondatea ezagutu egin behar da". Horregaitik joango da bihar Gure Esku Dagok deitutako manifestaziora, Kataluiniako prozesuari babesa agertzera: "Legalitatearen barruan akaso ez, baina legitimitate osoz ari dira".
Unibertsitateko errektoretzan, arerio baino askoz ere lagun gehiago egin dituela dio eta, pentsatzeko modu diferente askoren artean lan egitea aberasgarria izan dela. EHU maite duela errepikatzen du publikoki ahal duen guztietan eta herri honek ez diola aitortzen unibertsitateari egin duen "lan ikaragarria", batez ere, "aukera berdintasuna eman diolako maila akademikoa duen edonori".
Espainiako sektore kontserbadoreetatik jaso dituenak kenduta, presio politikorik ez duela izan aitortu du. Presioak, lan zamak eta ardurak ekarri dizkio. Eta presioaz gain, izan du horrek prezioa ere: "Orduan ez nintzen konturatzen baina osasunaren puska bat utzi dut, bai". Bizkarreko ebakuntza serio bat eta bihotzekoa izan ditu. "Heriotza ere gertu ikusi dut. Eta hortik asko ikasten da".
Baina itzuli zen dantza egitera (Mungiako Amilotx dantza taldea berak zuzentzen du) eta bizimodu arruntera itzultzen ari da orain. "Irakaslea naiz ni, ikerlaria naiz" eta lan horretara itzuliko da unibertsitate lizentzia baliatuta horretarako prest jartzen denean.
>