Faktoria
Ibon Sarasola
'Bi belaunalditan, aldameneko hizkuntza estandarren parean jarriko gara'
Abbadia Saria jasotzea "oso pozgarria" dela esan du hizkuntzalariak eta "oso konpainia onean sentitzen" dela.
-
Ibon Sarasola, Abbadia saria iragartzeko irudian. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
13:43 min
"Oso pozgarria" egin zaio Ibon Sarasolari Gipuzkoako Foru Aldundiak bere lana Abbadia Sariarekin aitortu izana; "oso konpainia onean sentitzen naiz", esan du 'Faktoria'n sariaren albistea zabaldu berritan. Euskara batuaren aldeko "borroka" abiatu zuen belaunaldi oso baten aitortza dela uste du "dudarik gabe" eta gogoan izan ditu Txillardegi ("berak abiatu zuen zehazki batasunaren bidea") eta Koldo Mitxelena: "Urte bete egin nuen harekin bizitzen Salamancan, eta bizitza osoan baino gehiago ikasi nuen euskarari buruz, hiztegigintzari buruz, eta mundu honetan egoteko moduari buruz". Talde hark egindako batuaren aldeko borroka zenbat kosta zen gogoratzen jarraitu beharra dagoela iritzi dio hizkuntzalariak. Frantsesak, espainolak edo katalanak bezala, hizkuntza estandarrik gabe ez zuelako izango euskarak, ez 50 urte hauetan izan duen ibilbiderik, ez etorkizunik. Baikor mintzatu da alde horretatik: "Bi belaunalditan, aldameneko hizkuntza estandarren parean jarriko gara".
"Hizkuntza estandarrik gabe", gehitu du, "ez zara lehiakorra. Eta estandarrik gabe ezin dira eduki", besteak beste, hezkuntza edo komunikabideak. Alde horretatik, errepikatu du behin eta berriz zabaltzen saiatu den mezua: "eremu pribatuan, euskalkiak, nahi adina, eremu publikoan, inolaz ere ez. "Zientzian, hezkuntzan... ez dago dudarik. Esango didazu testu liburuetan euskara estandarrik ez badago, zer den hori!" adierazi du. Hori izan da orain arteko bere diskurtsoa eta hemendik aurrera ere horretan jarraituko duela dio. "Nik lerro bat jarraitzen dut, eta kostarik kosta. Horrelakoa naiz, zer egingo diogu".