Itxi

Faktoria

Nafarroako Gazteen Saria

Mikele Grande Oloriz: 'Gehienok badakigu nor garen txikiak garenean'

Bizitzan zehar sortu zaizkion zailtasunei aurre egiteko erakutsi duen indar eta kemenarengatik eman diote saria gazte transexualari.

  • 14:22 min
imagen player
imagen player
imagen player

Abenduaren 3an, Euskararen Eguna izateaz gain, Nafarroaren Eguna ere bada. Egun horren harira, urtero, Nafarroako Gobernuak Gazteen Sariak banatzen ditu. Aurten, Aspace elkarteari eman diote Erakundearen saria, Sei elkarteari Partaidetzaren saria, eta Mikele Grande Olorizi, berriz, Gazteen Saria. 'Faktoria'n izan dugu gonbidatu.

Mikelek 17 urte dituen arren, haren ibilbidearengatik eman diote saria. Bizitzan zehar sortu zaizkion zailtasunei aurre egiteko erakutsi duen indar eta kemenarengatik, hain zuzen ere. Mikele gazte transexuala da: mutil gorputzarekin jaio zen neska. Eta horrela aldarrikatu izan du kontzientzia duenetik, aurrena etxean eta gero behar izan den leku guztietan. "Ume-umetatik garbi neukan", esan digu berak. Eta gehitu duenez, "gehienok behintzat badakigu nor garen txikiak garenean".

Bere kasuan oso prozesu naturala izan zen. Gurasoen babesa izan du beti. Lagunek ere bai. Eskolan guztiz normal hartu zuten ikaskideek, halako batean, arbelera irten eta esan zienean "Mikele naiz". "Ez zen inor harritu", esan digu. Oso giro ona egon zen hasieratik eta laguntasun handia sentitu du beti. Hala ere, badaki transexualitate egoeran dauden haur eta gazte guztiei ez zaiela gauza bera gertatzen. Pertsona transexual guztiek, baina, berak izan duena bezalako bizitza izan beharko luketela aldarrikatu nahi du. Jazarpen eta diskriminaziorik gabeko bizimodu askea. Guztiok ulertu behar baitugu, "egoera normal bat dela", Mikelek nabarmendu duen moduan.