Faktoria
Gizartea
Juan Miguel Arregi: 'Formazio ona eman behar zaie apaiz gazteei'
Pederastiaz, Kuban bizitakoaz eta Loiolaz aritu da Juan Miguel Arregi jesuita azpeitiarra, 'Faktoria'n.
-
20:26 min
Juan Miguel Arregi jesuita eta egungo Loiolako erretore nagusia 'Faktoria' saioan izan da. Teologia Brasilen ikasi zuen, eta munduan zehar ibili da hainbat urtetan: Ekuador, Mexiko, Kuba... Kuban, hain justu, jesuiten lagundiko burua ere izan zen, bost urtez, 2012tik 2016ra. Orduan egin zuen bidaia ofiziala Kubara Frantzisko Aita Santuak. "Kuban, Eliza eta estatuaren artean, tentsio handi xamarreko harremana dago, eta ondo etorri zen; ate batzuk ireki ziren".
Adierazi duenez, Kuban kristauak eta herria ez daude "oso egoera onean". Eta, ekonomikoki, Kubako herritarrak "larri" daudela dio. Estatu Batuen blokeoa "penagarritzat" jo du.
2003tik 2008ra, Loiolako probintziaburu izan zen, eta garai hartan egokitu ziren Euskal Herrian Lizarra-Garaziko akordioa eta ETAren su-etena. Arregiren arabera, euren laguntza eskaini zuten Loiolako etxean jeltzaleen, sozialisten eta Batasunaren arteko elkarrizketetan, "herri guztiaren onerako" izan zedin. "Egin zuten prozesua oso polita izan zen, lagunago egin ziren. Egindako lanak fruitu onak eman dituela uste dut".
Pederastia ere hizpide izan du. Haren arabera, "gizartean gertatzen dena, Elizan gertatzen da", eta aurre egin behar zaio: "Formazio ona eman behar zaie apaiz gazteei". Gaineratu du emakumeek "gizonen pareko lekua" hartu behar dutela Elizan. "Oso-oso atzean daude".