Faktoria
Joxean Etxeberria
'Ez gara konturatzen errepidean hainbeste kilometro egitearen arriskuez'
Kalean da 18/98 makrosumarioko azken presoa, Joxean Etxeberria oiartzuarra. Soriako kartzelatik atera berrian, 'Faktoria' saioarekin hitz egin du.
-
Joxean Etxeberria. Argazkia: Sortu
8:03 min
11 urte eta 3 hilabete espetxean egin ondoren, gaur goizean atera da Soriako espetxetik Joxean Etxeberria oiartzuarra, eta senide eta lagunak besarkatu ondoren, 'Faktoria' albistegiari elkarrizketa eman dio. Urduri, hunkituta, eta etxera iristeko gogoz dagoela aitortu digu Etxeberriak.
Maiatzaren 27an 20 urte beteko dira estreinakoz atxilotu zutenetik. Orduan, urtebete egin zuen kartzelan, eta, beste 10 urte bete ditu gero. 12 urteko zigorra geratu zitzaion Gorenak erabakita, talde armatuko kide eta ETArekin lotura zuten enpresei lotuta, 'Egineko administratzaile bakarra nintzelako suertatu zen horrela', aipatu digunez. 'Ezker Abertzalearen kontrako estrategia politiko-judizial ikaragarria eraiki zen, eta oraindik ere mehatxuak jarraitzen du', adierazi du.
Azken 10 urteak lehen graduan egin ditu, isolamenduak sortzen duen 'tentsio iraunkorrean'. Bakardadea, ordea, astebururo izaten zituen arindu diotela esan du Etxeberriak. Hori bai, Soria, Burgos eta beste zenbait espetxe hurbil daudela esatea ez du onartzen, astebururo senideek eta lagunek errepidean hainbeste kilometro egitea 'oso gogorra' baita, eta 'askotan ez baikara konturatzen zein arrisku suposatzen duen horrek'.
Etxeberriak azpimarratu du 'Ezker Abertzaleak jakin izan duela egoera politiko berrietara egokitzen, eta 2017an emandako pausoek erakusten dute euskal gizarteak baduela gogoa beste egoera batzuetara joateko; aldiz, Estatua eta haren estrategiari babesa ematen diotenak mendekuan oinarritutako politika baten alde daude'. Ipar Euskal Herrian egindako lanketak eta sortutako elkarguneak goraipatu ditu, gainera. 'Bidea urratzen ari gara; akats asko izango ditugu, baina hori ezin zaio ukatu Ezker Abertzaleari. Benetako bakea eraiki behar dugu denen artean'.