Faktoria
Elixabete Garmendia
'Euskal kazetaritza profesionala abian jartzea tokatu zitzaigun guri'
1976. urtetik kazetari lanetan aritu ostean, pasa den astean ETBko ordenagailua itzali eta erretiroa hartu du Elixabete Garmendiak. Gaur "Faktoria" saioan bere ibilbidea errepasatu du gurekin.
-
29:48 min
Elixabete Garmendiak Euskal Telebistan kazetari lanak egin ditu 1986. urtetik, eta pasa den astean hartu zuen erretiroa. Euskal Telebistan hasi aurretik Gipuzkoako Foru Aldundian aritu zen Euskara eta Kultura Saileko teknikari; lehenago, 1976tik 1980ra, Zeruko Argia astekarian. 'Faktoria' saioan bere ibilbidearen errepasoa egin dugu.
Txikitan, kazetari izatera jolasten zuela kontatu digu Elixabete Garmendiak, La voz de España egunkaria hartu eta irrati saioak egiten zituen, eta halako batean konturatu zela "periodismoa" zela egin nahi zuena. Nafarroako Unibertsitateko sarrera froga egitera joan zenean, elkarrizketa egin zion irakasleari argi esan zion: "euskarazko kazetaritza egin nahi dut", berak irtenbiderik ez zegoela esan zion, baina "zorionez ez zuen asmatu".
70eko hamarkadan hasi, eta 2018ra arte, pertsonaia asko ezagutu dituela dio eta bat aukeratzea ezinezkoa zaiola, baina, beharbada, Imanol aukeratuko lukeela, erbestetik bueltatu ostean eskainitako lehen elkarrizketa Elixabete berak egin ziolako, baita hil aurretik telebistan eman zuen azken elkarrizketa ere. Joxean Artze ezagutzeko aukera ere izan zuela esan digu eta harekin bizitako pasadizoak gogoratu dizkigu.
ETBn egindako urte guztietan "Bertatik bertara" saioa izan zen garrantzitsuena beretzat. "Hutsetik hasi ginen, euskaraz eta erderaz egiten zen magazine batetik gentozen, ahal genuena egiteko eskatu ziguten". Albistegitan sartzen ez ziren gaiak sartu nahi zituztela adierazi du, eta horrela bilakatu zela poliki-poliki magazine. Jendearekin oso konektatuta zudela dio "Zenbat FAX ez ote genituen jasotzen! Faxetan itota ibiltzen ginen, eta telefono proposamen asko ere jasotzen genituen".
Telebistaren etorkizunari buruz galdetuta hauxe da Elixabete Garmendiaren ustez gakoa: "Jendeari erantzunez, zuzeneko harremana izanaz, eratu beharko litzateke programa".
Kazetaritzaren inguruan dagoen eztabaidaren aurrean, ez du zalantzarik: "Kazetaritzaren, eta kazetaritza profesionalaren defendatzaile sutsua naiz, edonor ezin liteke kazetari izan, kazetari sena behar da lanbide honetan". Eta behar bada horregatik, erretiroa hartu badu ere, hemendik aurrera idazten jarraituko duela esan digu, baina beti ere kazetaritzaren barruan.