Faktoria
Arantxa Tapia
'Aralarko tunelak ingurumen kalte txikiagoa luke Gasteizko lotuneak baino'
Jaurlaritzako sailburuak dio AHTren Ezkioko lotunea defendatzen jarraitzen dutela. Gasteizkoa hobesten bada, halere, babestuko dutela diote, lotunea "egitea eta garaiz egitea" delako lehentasuna.
-
Arantxa Tapia
23:43 min
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegitura sailburuak 'Faktoria'n egindako elkarrizketan adierazi du Abiadura Handiko Trenaren Ezkioko lotura defendatzen jarraitu dutela eta hala defendatu dutela Espainiako Gobernuak egindako azteketa informatiboari aurkeztutako alegazioetan. Onartu du Gasteizko lotunea baino aukera garestiagoa dela, baina Aralar azpitik tunela egiteak, ingurumenean izango duen eragina txikiagoa dela azpimarratu du. "Nahiz eta tunel luze bat egin behar den -Aralar azpitik, ezer ukitu gabe-, ingurumen ikuspegitik kalte txikiagoa egiten du", adierazi du. Gaineratu du, nolanahi ere, lehentunezkoa eta "erabat ezinbestekoa" dena Euskal Y Iruñearekin eta handik Mediterraneiorekin lotzea dela, eta alde horretatik, onartzen den irtenbidea babestuko dutela. Lotune hori "egitea eta azkar egitea" izango dute helburu, emandako epean AHTren sarea prest egon dadin, 2023 urterako. "Juxtu samar ibiliko gara baina gauzak ondo eginez gero, irits gaitezke", esan du.
Argindar tarifari dagokionez, bestalde, Ekonomiaren Garapenerako sailburuak berretsi du argindarraren prezioen akordioa bete beharra daukala Espainiako Gobernuak. Iaz hitzartutako akordioa dela gogorarazi du eta aurrekontuen luzatzeak ezin duela aitzakia izan. Tapiak gogoratu du, iaz PP eta EAJ-k egindako akordioa, lehendik gaizki dagoen gauza bat konpontzeko bidea dela. "Badakigu zer dan gobernatzea aurrekontuak prorrogan daudenean. 50 milioi dira kontutan izan behar direnak. Beraz borondate kontua da. Aurreko urteko akordioa da eta bete egin behar da, bai edo bai", azpimarratu du.