Faktoria
Eguneko efemeridea
Duela 17 urte hil zen Bittoriano Gandiaga
2001eko otsailaren 21ean hil zen herri honen minen gainean maisutasunez idatzi zuen poeta eta fraide frantziskotarra.
-
Bitoriano Gandiaga, Arantzazun. Argazkia: http://www.gandiaga.com/
3:58 min
Gaur euskal poeta handi bat gogoratu behar dugu: Bittoriano Gandiaga. 2001eko otsailaren 21ean, duela 17 urte, hil zen herri honen minen gainean maisutasunez idatzi zuen poeta eta fraide frantziskotarra
Bittoriano Gandiaga Artetxe Mendatan jaio zen 1928an; 13 urterako, ordea, Arantzazun zen. Filosofia eta Teologia ikasketak eginda, gazterik hasi zen idazten eta 50eko hamarkadan hainbat sari eskuratu zituen. 62an argitaratu zuen lehen poema liburua, Elorri, arrakasta handiegirik gabe orduan, gerora esan izan denez esker txarra jaso zuen lan bikaina da. 74an ordea oso harrera beroa izan zuen Hiru gizon barkaka liburuak, bertakoa da "Tiriki tauki tauki" ezaguna. Garai nahasi hartan Euskal Herriaren minei idatzi zien baina bere ibilbidean gai ugari landu dituen poeta humanista izan da Gandiaga, Amaia Iturbide idazleak esan digunez.
Pertsonalitate izukoa zen… ez zen jendekoia eta barne mamuen borroka ugari ere izan zituen bizitzan, 6 poema liburutan horiek denak islatuak daude… ezagunenak, ordea, aipatu ditugun lehen biak dira
Musikalidade berezia dute bere poemek, horren seinale 150etik gora musikatu dituzte euskal talde eta bakarlariek. Dena den, argitaratu gabeko lan ugari utzita joan zen duela 17 urte, oraindik ikertzeko aspektu ugari dituen autorea delakoan da Iturbide eta gaur egunera begirako mezu bat ere ikusten du Gandiagaren poemetan.