Faktoria
Miren Dobaran
'Langile publikoen hizkuntz eskakizunak ondo ezarriak daude'
Idiazabal eta Elgoibar taldeak defenditu ditu hizkuntza politikako sailburuordeak eta kasua neurririk hartu gabe ixtea ez dela ona azpimarratu.
-
22:27 min
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak datorren otsailaren 27an aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean, langile publikoen hizkuntza porfilak berrikusteko egin duen azterlana. Datu zehatzak aurreratu ez baditu ere, Miren Dobaran sailburuordeak orain arte indarrean izan den egitasmoa defendatu du 'Faktoria'n: "Gauzak ondo egin direla defendatuko dugu Legebiltzarrean", eta ondorengoa esan du: "Gaitasunetan oinarritzen den sistema aurreratua izan da" eta "ia 38.000 langile publikoen hizkuntza eskakizunak eta derrigortasunak ondo ezarriak egon dira". Disfuntzioren bat den kasuetan, hori bai, hizkuntz eskakizunak gorantza bezala beherantza ere egokituko direla jakinarazi du.
Administrazio mailaren euskalduntzean eman diren urratsak nabarmendu ditu eta azaldu, erakundeetan gertatzera doan belaunaldiek aldaketa handia ekarriko dutela: "Hori da gure esperantza. Aldaketa horretan, euskal hiztunak dira administraziora etorriko direnak" . "Langileak lanean euskaraz jartzea ez da hain zaila", iritzi dio: "Ohiturak eta inertziak ez dira dekretuz aldatzen". Hiztunak aktibatuko dituen jarrera aldatzeko "indar metaketa izugarria" behar dela errepikatuko du eta eredugarri jo du Euskaraldirako erakunde, herri eta elkarteak egiten ari diren lan bateratua.
Beste alde batetik, Idiazabal eta Elgoibarren arteko futbol partidan epaileak izan zuen jarrera onartezina izan dela iritzi dio Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta kasua itxi nahi duten bezala ixtea ez dela ona. "Jaurlaritzak nahi du neurriak hartzea", azpimarratu du, kanpotik datozen epaileek jakin dezaten, aurrera begira, hemen hizkuntza biak direla ofizialak eta eta biak onartu behar dituztela euren jardunean.
Euskara batua eta euskalkien arteko eztabaidari buruz ere aritu da Dobaran. Iñigo Martinez futbol jokalariaren eta, orohar, "gazteen defentsa" egin du. "Euskararen gehiegizko fiskalizazioa ez da ona", amaitu du.