Faktoria
Eguneko efemeridea
30 urte bete dira Urolako trena itxi zutela
Gaur efemeridearen tartean, desagerpen baten 30. urteurrena gogoratu behar dugu. 1988an, duela 30 urte itxi zuten ofizialki Urolako trena.
-
3:27 min
1926ko otsailean jarri zuten martxan Zumarraga eta Zumaia lotzen zituen Urolako trena. Gipuzkoako bailara guztiek zuten ordurako trena, Urolak izan ezik, Juanjo Olaizola Trenbidearen euskal museoko zuzendariak kontatu digunez.
Orain arraro egiten bazaigu ere, ordura arteko trenbide guztiak iniziatiba eta diru pribatuz egin ziren, baina Urolakoa ez, Aldundiak diru publikoz egin zuen; izan ere, ez zen inoiz oso errentagarria izan.
17 geraleku, 20 zubi eta 19 tunel, eraikuntza lan handi eta modernoa izan zen, trena ere hasieratik elektrikoa zen. Egiteko sekulako inbertsioa egin zuen beraz Aldundiak baina gero, errepideak eta kamioiak etorri ziren, eta trenaz, ahaztu.
Azkenean, eskumena bereganatua zuen Jaurlaritzak erabaki bat hartu behar izan zuen, berritu edo itxi. Eta Juanjo Olaizolak esan digunaren arabera, ez zuen oso garbi jokatu. 1988ko otsailean hartu zen betiko ixteko erabaki hori.
30 urte bete berri dira ofizialki Urolako trena ixtea erabaki zenetik, hori bai, azken urteetan zati bat egin liteke ostera ere, aurten ere, Aste Santutik aurrera, asteburuetan Azpeitiko Trenbidearen euskal museora hurbilduta, Azpeitia eta Lasao arteko bidea egin ahal izango da
Sinbolikoki bada ere, Urolako trenaren triki-traka hotsa ez baita erabat isildu.