Itxi

Faktoria

Manez eta kobreak

Thierry Biscary: 'Hartzen dut nire makila eta banoa nire bidea egiten'

Kalakan taldeko kide ohiarekin bere lehenengo diskoaz hitz egin dugu.

  • 26:04 min
imagen player
imagen player
imagen player

Thierry Biscary beti Kalakan taldeko Thierry gisa ezagutu dugu, baina, hemendik aurrera, Manez izen artistikoa hartuta agertuko da, hain zuzen ere, bere aitatxiren izengoitia hartuta. 'Iruditzen zitzaidan nahiko aukera zentzuzkoa, baxenafarra izanik', esan digu 'Faktoria'n.

Oso lan intimoa, oso barrutik ateratakoa da, Biscaryren lehenengo bakarkako diskoa, Manez eta kobreak. Kantetan "erdi egia eta erdi faltsuak diren istorioak" kontatzen dituela esan digu. Eta badela nahikeria bat bere etxeari, bere erroei omenaldi bat egiteko. Etxeko premua dela esan digu, nahiz eta ez duen etxaldearen segida hartu, "baina aitak eman dit asko". Ondare hori hartu - hitzezko ondarea neurri handi batean- eta bere bidea egiteko bagaje aberatsa aurkitu zuen bertan. “Hartzen dut nire makila eta banoa nire bidea egiten”, eta horrela sortu zen disko hau. Testuingurua Nafarroa Behereko bere txokoa omentzea da.

Diskoko kantak entzun ditugularik, diskoan lagun izan dituen musikariez hitz egin dugu. Haiek dira kobreak, hain zuzen ere, guztiek metalezko musika tresnak jotzen dituztelako: Ana Telletxea, Fermin Garaikoetxea, Vianeey Desplantes, Bixente Etchegaray eta Laura Etchegoyhen. Garai bateko orkestra eta txarangen soinua gogorarazten du euren musikak, eta nahita egina dago, "kutsu hori eman nahi nion", dio Thierryk.

Letragileak ere ez dira nolanahikoak: Jon Maia, Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze, Uxue Alberdi... Azken horrek kontatu digu, besteak beste, nolakoa izan den bien arteko elkarlana, "Ehun alargunen dantza" kantaren hitza sortzeko oduan.

Aurkezpen-bira aurki hasiko da: martxoaren 28an Bilbon, Azkuna Zentroan izango dira, Basque Fest jaialdian. Ondoren Hendaia, Baiona, Iruña eta, besteak beste, Leioan ere joko dute. Entzun hemen elkarrizketa osoa!